Mundua -
Asia
Tentsioak gora Korean, Pyongyangen proba nuklearraren ondotik
Bi koreek propaganda zabaltzeko bozgorailuak jarri dituzte martxan herrialdeen arteko mugan.
Agentziak | Erredakzioa
Ipar Koreak hidrogeno-bonbarekin proba egin zuela iragarri zuenetik, Hego Korea auzokoarekin berez nahikoa gaiztotuta zegoen giroa are gehiago zaildu da. Pyongyangen erregimenak egindako saioari erantzuteko, bere propaganda zabaltzeko mugan paratutako bozgorailuak martxan jarri ditu gaur, berriro, Hego Koreak. Berehala erantzun du Kim Jong-unek, eta haren gobernuak ere auzokoari zuzendu dizkio mugan dituen bozgorailuak, aurkariaren mezua hain ondo entzun ez dadin.
Tentsioak, beraz, gora egin du muga inguru horretan (militarren presentziarik gabekoa, berez). Propaganda zabaltzeko erabakia egun seinalatuan hartu du, gainera, Hego Koreak, gaur baita Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiaren urtebetetzea. Ipar Koreako Armada ere neguko entrenamendu saioak egiten dabil egunotan, eta baliteke gune horretara soldaduak bidaltzea.
"Ipar Koreak gure bozgorailuen kontra egiten badu, berehala erantzungo dugu", azaldu dio Yonhap albiste agentziari Hego Koreako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek.
Urtebeteko epean, bigarrenez jarri ditu martxan bozgorailuak Hego Koreak. Abuztuan izan zen aurrenekoa, 11 urtetan lehen aldiz. Ipar Koreak muga inguruan jarritako pertsonen aurkako minek Hego Koreako bi soldadu zauritu zituztenean "nolabait erantzun behar" zuela erabaki zuen orduan Seulek.