Mundua -

Akordioa

AEB eta Kuba arteko hegaldi komertzialak, gertuago

Bi herrialdeen arteko hegaldi komertzialak berriz martxan jartzeko akordioa lortu dute Washingtonek eta Habanak, funtzionario estatubatuarrek ‘Washington Post’ egunkariari baieztatu diotenez.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi herrialdeen arteko hegaldi komertzialak berriz martxan jartzeko akordioa lortu dute Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Kubak, funtzionario estatubatuarrek Washington Post egunkariari baieztatu diotenez.

Horrela, hainbat hamarkadatan lehen aldiz uhartea abiapuntu eta jomuga duten hegaldiak egiteko aukera izango dute AEBko aire-konpainiek. Duela urtebete hartu zuten bi herrialde horietako gobernuek 50 urteko gatazka atzean utzi eta harremanak normalizatzeko erabaki historikoa.

Besteak beste, United Airlines, American Airlines eta JetBlue konpainiek, beraz, Kubara hegaldiak egiteko aukera izango dute akordio horri esker. Aurrerapauso garrantzitsua da; izan ere, bi herrialdeen arteko lotura erraztuko du, egunkariak erantsi duenez.

Akordioaren ildo nagusiak Washingtonen berretsi dituztela esan du AEBko funtzionario batek, baina oraindik xehetasun teknikoak negoziatzen ari direla azaldu du. Oraingoz, baina, ez dago akordioaren baieztapen ofizialik.

Estatubatuarrek ezingo dituzte oraindik bidaiak erreserbatu, gutxienez hiru hilabete itxaron beharko dute horretarako, baina segurtasun ikuskapenak eta AEBko Hegazkintza Administrazio Federalaren (FAA) beste prozedura batzuk abiatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Kubako azken ordukoa