Mundua -
Eraso terrorista Frantzian
Atentatu-olde batek Paris astindu eta 129 hildako eragin ditu
Gainera, 350 lagun inguru zauritu dira, eta horietatik ia 100 oso larri daude. Frantziako presidente François Hollandek salbuespen-egoera ezarri du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Izua bizi izan du ostiral honetan Parisek. Gutxienez 129 lagun hil dira eta 350 bat zauritu, orain arteko datuen arabera, Frantziako estadioaren eta aisialdirako hainbat lokalen aurka aldi berean egindako erasoetan. Zaurituen artean, gutxienez 99 pertsona oso larri daude.
François Hollande Frantziako presidenteak salbuespen-egoera ezarri du. "Gu beldur izatea nahi dute terroristek, baina geure burua defendatuko dugu", adierazi du.
Carrillon kalean hasi da eraso-oldea, 21:20an, Parisko 10. barrutian. Leherketa bat izan da, eta, ondoren, gizon armatu bat tiroka hasi da Le Carrillon eta Le Petit Cambodge jatetxeetan zeuden bezeroen aurka. Aldi berean, 11. barrutiko Charonne kalean, bi gizon armatu La Belle Equipe kafetegira sartu dira eta hango bezeroak tirokatu dituzte. "100 tiro baino gehiago egin dituzte", lekuko baten esanetan.
Ordu berean, Les Halles azokan ere izan da tiroketa, baina horren xehetasunik ez dute oraingoz jakitera eman.
Bitartean, Frantziako estadioan hiru leherketa entzun dira, Frantziako eta Alemaniako bi selekzioak lagunarteko partida jokatzen ari zirela; terrorista suizida batzuek eragindakoak izan omen dira.
Jendea ez da ohartu eta su artifizialak zirela pentsatu dute. Handik gutxira, segurtasun-indarrek Hollande hartu eta estadiotik atera dute. Geroago, publikoa ere atera dute, banan-banan.
Hainbat bahitu
Bataclan kontzertuetarako aretoa izan da terroristen helburu nagusia. Eagles of death taldea kontzertua eskaintzen ari zela, lau terrorista barrura sartu eta tiroka hasi dira, eta barruan zeuden 100 pertsonatik gora bahitu dituzte. Hiru ordu geroago, segurtasun-indarrek barrura sartzea erabaki dute, eta terroristek lehergailuak aktibatu dituzte orduan.
Poliziak hainbat bahitu askatzea lortu du, baina 100 pertsona inguru hil dira bertan.
Gainera, 10. eta 11. barrutietan izandako tiroketetan eta Frantziako estadioan jazotakoan, beste 40 bat lagun hil dira. Zaurituak ehunka dira, eta horietako asko larri daude. Krisi honen aurrean, Parisko ospitaleek 'kode zuria' ezarri dute.
Zauritu kopuruari dagokionez, Le Figaro egunkariaren arabera, 215 dira, eta horietatik 83 oso larri daude. François Molins Parisko Fiskaltzako buruak erasoak izan ostean esan duenez, "zortzi terrorista hil dira erasoetan, horietako bat Poliziaren esku".
'Borroka zorrotza'
François Hollande Frantziako presidentearen arabera, "Armada terrorista batek egindako gerra-erasoa izan da", baina "Estatu Islamikoaren basakeriaren aurrean zorrotz arituko gara, Frantzian bertan eta kanpoan". "Gerra-eraso hori kanpotik prestatu dute, eta herrialdearen barnealdean konplizeak izan ditu", adierazi du. Horren aurrean, "segurtasun-dispositibo guztiak berrindartu ditugu", esan du.
Bart izan diren atentatuak direla eta, hiru dolu-egun ezarri ditu Hollandek.
"Aurrekaririk ez duen eraso terrorista" izan dela salatu du gauerdi aldera Hollandek. "Izugarrikeria da", adierazi du. Gainera, segurtasun-indar guztiak mobilizatu dituztela iragarri du, "terroristak mendean hartzeko" eta Paris osoan segurtasuna bermatzeko.
"Izuaren aurrean, Frantziak indartsua eta handia izan behar du", esan du, batasun nazionalerako deia eginda. "Gu beldur izatea nahi dute terroristek, baina geure burua defendatuko dugu", adierazi du.
Europa osoko buruzagi politikoek elkartasuna, babesa eta laguntza eskaini dizkiote Frantziari.
Salbuespen-egoera
Frantziako presidenteak salbuespen-egoera ezarri du, eta, beraz, eremu publikoak itxi dituzte aldi baterako. Horrez gain, Poliziak arriskutsutzat jotzen duen edozein pertsona etxean atxikitzeko, etxebizitzak miatzeko eta armak konfiskatzeko baimena du.
Mugetan kontrolak ezartzeko agindua ere eman du Hollandek. Atzerri Ministerioak argitu duenez, tren-geltokiak eta aireportuak normaltasunez arituko dira.
Halaber, etxean geratzeko eskatu die Hollandek herritarrei (1944az geroztik lehenengoz egin dute eskari hori Parisen), eta hiriburuko kaleetan 1.500 militar zabaldu dituzte.
Hezkuntza Ministerioak, bestalde, gaur Parisko ikastetxe eta unibertsitate guztiak itxita egongo direla iragarri du.
Hollandek azpimarratu duenez, egoera oraindik itxi gabe dago. Hori dela eta, Defentsa Batzordea deitu du 09:00etarako, eta Turkian asteburu honetan ospatzekoa zen G20ren goi-bileran ez dela izango aurreratu du.
Barne Ministerioak plataforma bat jarri du abian bere webean, biktimen eta lekukoen testigantzak jasotzeko, eta larrialdietarako telefono bat jarri du martxan, desagertuak bilatzen laguntzeko.
Susmagarrietako bat, identifikatuta
Parisko atentatu terroristen egileetako bat identifikatu dutela zabaldu dute Frantziako tokiko hedabideek. Informazio horien arabera, Bataclan diskotekako erasoaren egileetako bat da identifikatu dutena: "hatz-markengatik identifikatu dute, aurretik ere, Poliziak fitxatuta zuelako, jihadismoarekin lotura zuelakoan", hainbat hedabideren arabera.
Bestalde, duela astebete Bavarian atxilotutako gizonezko batek Frantziarekin duen balizko harremana ikertzen ari da Alemania.
Gizon horren ibilgailuan armak eta material leherkorrak aurkitu zituen Poliziak, Thomas de Maiziere Barne ministro alemaniarrak gaur jakitera eman duenez. Antza, nabigatzailean Parisko helbide bat zuen, eta litekeena da "Frantziarekin harremanen bat izatea".
Estatu Islamikoaren iragarpena
Estatu Islamikoa erakunde terroristak bere gain hartu ditu Parisko atentatuak, eta gertatutakoa "ekaitzaren hasiera" baino ez dela izan ohartarazi dio Frantziari.
Talde jihadistak hainbat agiri eta bideo publikatu ditu larunbat honetan, frantsesez eta arabiarrez, sarraskiaren ardura bere gain hartzeko, SITE webguneak jakinarazi duenez.
Espainiar bat, hildakoen artean
Hildakoen artean espainiar bat dagoela baieztatu du Espainiako Gobernuak. Juan Alberto Gonzalez Garrido 29 urteko madrildarra da biktima. Gaztea Parisen bizi zen, eta Bataclan dantzalekuan zegoen, emaztearekin batera zegoen.
Bestalde, beste espainiar bat zauritu da Parisko atentatutan: Ivan Garcia deitzen da, eta 39 urte ditu. Frantziara joandakoa zen hiru lagunekin asteburua Parisen igarotzeko asmoz.
Horrez gain, badirudi ez dagoela euskal herritarrik biktimen artean. Hori bai, hainbat atentatuen lekuko izan dira.
Nazioartearen elkartasuna
Parisko atentatuek erreakzio ugari eragin dituzte mundu osoan, eta elkartasun-adierazpenak asko izan dira. Urte beltza izan du Frantziak, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoa izan zenetik.
Nazio Batuen Segurtasunerako Batzordeak gaitzetsi egin ditu erasoak, eta gauza bera egin du Barack Obama AEBko presidenteak. "Gizateria osoaren aurkako erasoa izan da", salatu du, eta "babes osoa" eskaini dio Frantziari.
Berdintsu mintzatu dira David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa eta Angela Merkel Alemaniako presidentea, eta Mariano Rajoyk laguntza osoa eskaini dio Hollanderi.
Lasaitasunerako deia
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak lasaitasunerako deia egin du, inork musulmanen aurkako ekintzarik egin ez dezan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, sailburuak esan du Jaurlaritzak Krisi Mahaia bildu duela atentatuen ostean, gertatutakoa jarraitzeko eta Estatuko Segurtasun Kontseiluak har ditzakeen neurriak abiatzeko.
Atentatu larriena
Inoiz izandako atentatu larriena jasan du bart Frantziak, eta Europa mailan inoiz izan den larrienetakoa, biktima kopuruari erreperatuz gero, 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan zenaren ostean larriena izan baita. Orduko hartan, 193 lagun hil ziren.
Frantzia atentatu baten zain zegoen, Afrikan egindako esku-hartze militarrak eta Ekialde Hurbilean talde jihadisten aurka abiatutako operazioak areagotu egin dituelako.
"Azaroak 14, Paris: gogoratu data hori. Ez dute inoiz egun hori ahaztuko, estatubatuarrei irailaren 11rekin gertatzen zaien bezala", dio Interneteko foro jihadistetan zabaldutako mezu batek.