Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Esloveniak legedia aldatuko du Kroaziako muga Armadak kontrola dezan
Elkartasuna eta laguntza "aktiboa" eskatu diete Europar Batasuneko kideei, errefuxiatu oldearen presioari aurre egiteko.
agentziak | erredakzioa
Esloveniako Gobernuak legedia aldatzeko proposamena aurkeztuko du gaur Parlamentuan, Armadak kontrola dezan Kroaziarekiko muga, errefuxiatu oldeari aurre egin ahal izateko.
"Ez da salbuespen egoera bat ezartzea, baizik eta mugaren kontrola indartzea", azaldu du gaur Miro Cerar lehen ministroak.
Gobernuaren esanetan, Esloveniak ezin du errefuxiatu gehiago hartu, milaka sartzen baitira egunero iragan asteburutik, Hungariak Kroaziarekin duen muga itxi zuenetik.
"Kroaziatik iristen diren migratzaileen presioak gora egin du. Kroaziak ez du errefuxiatuen iritsieraren berri ematen, kontrol gabe bidaltzen ditu", adierazi du Gobernuak.
Atzo 8.000 errefuxiatu sartu omen ziren Eslovenian Kroaziatik, eta 2.000 "bakarrik" Austrian, "nahiz eta Austriako agintariek dioten ez dutela harrera politika aldatu".
EBren elkartasuna
Bestalde, Esloveniak elkartasuna eta laguntza "aktiboa" eskatu die Europar Batasuneko estatu kideei, errefuxiatu oldearen presioari aurre egiteko.
"Esloveniak parte-hartze aktiboa eskatzen die EBko estatu kideei eta erakundeei, gure estatuarentzat gehiegizkoa den pisu honen aurrean", gaineratu du Gobernuak.