Mundua -
Akordio nuklearra
Irani zigorrak kentzeko prestaketei ekitea agindu du Obamak
Erabaki hori sei potentzia handik eta Teheraneko erregimenak joan zen uztailean sinatutako akordioaren harira eman da.
Agentziak | Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak memorandum bat igorri du gaur, Irani ezarritako zigorrak kentzeko prestaketak abiatzea agintzeko. Aipatutako erabakia uztailean munduko sei herrialde boteretsuenen gobernuek (AEB, Errusia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Txina) eta Teherango Erregimenak adostu zuten akordio nuklearraren barruan kokatzen da.
Estatu, Altxor, Merkataritza eta Energia Departamentuetako idazkariei zuzendu die Obamak memoranduma, eta zigorrak kentzeko lanak prestatzen hasteko eskatu die bertan, nahiz eta hori ez den gertatuko Iran akordioaren bere partea zuzen betetzen ari dela egiaztatzen duten arte.
Uztailean Iranekin adostutako hitzarmenaren helburua da herrialde horren jarduera nuklearrak kontrolatzea, arma atomiko bat garatzea lor ez dezan. Horren truke, herrialde hartako ekonomia itotzen duten zigorrak kendu behar zaizkio.
Bestalde, Iranek gaur adierazi duenez, protokolo gehigarria, bere instalazio nuklearren gaineko ikuskaritza zehatzagoak onartzera behartzen duena (aurretiazko abisurik jaso gabe), akordioa aplikatzen hasten den egun berean sartuko da indarrean.
Aurreikuspenen arabera, NBEko Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak abenduaren 15ean igorriko du nazioarteko agendan 13 urte daramatzan gai horri buruzko behin betiko txostena.