Mundua -
Maiduguri
52 hildakotik gora utzi ditu Boko Haramen atentatu batek Nigerian
Leherketak Maiduguri ipar-ekialdeko hiri garrantzitsueneko aireportutik oso gertu izan ziren.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez 52 pertsona hil zituen atzo Boko Haram talde islamistak Maidugurin, Nigeria ipar-ekitaldeko hiri garrantzitsuenean, egindako atentatu batean, bertako larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Leherketak Maiduguriko aireportutik oso gertu izan ziren. Duela oso gutxi berrezarri dituzte bertan hegaldi komertzialak, eta base militar bat dago.
"Hiru leherketa izan ziren. Oraindik ez dago argi zer gertatu zen zehazki, baina eraso horiek Boko Haramen etsipen maila altua erakusten dute", azpimarratu du Sami Usman Nigeriako Armadaren bozeramaileak.
"Nigeriako Armada ez da geldituko ezeren aurrean, eta Boko Harameko terroristak lehenbailehen akabatuko ditu", gaineratu du Usmanek, Muhammadu Buhari Nigeriako presidenteak Boko Haram desagerrarazteko eman zuen hiru hilabeteko epearen harira.
Aurreko asteburuan, Abubakar Shekau Boko Haramen buruak mezu bat zabaldu zuen, Nigeriako militarrei "gezurrak" esatea leporatzeko, eta Armadaren lorpenak gezurra zirela ziurtatzeko.
Boko Haramek 300 pertsona baino gehiago hil ditu Maidugurin egindako 20 bat atentatutan. Bi milioi inguru biztanle dituen hiri hori da Nigeria ipar-ekialdeko garrantzitsuena, eta Armadaren kuartel nagusia islamisten kontrako borrokarako.
Gainera, 2015ean 2.500 pertsona baino gehiago hil ditu Boko Haramek Nigerian, Txaden, Kamerunen eta Nigerren, presio militarra areagotu den arren.