Mundua -
Errefuxiatuen drama
Hungariako Poliziak gas negar-eragilea erabili du errefuxiatuen aurka
Hungariak hesi bikoitza ezarri du Serbiarekin duen mugan eta Polizia eta Armada bertara bidali ditu gerraren eta gosetearen ondorioz ihesean dauden errefuxiatuak sartzea galarazteko.
agentziak | erredakzioa
Hungariako Poliziak gas negar-eragilea eta ura jaurtitzeko kanoia erabili ditu gaur errefuxiatuen aurka, Serbiako mugan. Zonalde horretan milaka migratzaile bildu dira, Hungarian sartu eta Europako beste herrialde batzuetara ihes egiteko asmoz, M1 irratiak jakinarazi duenez.
Telebista bidez zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, istiluen kontrako dozenaka polizia eta zenbait anbulantzia bertaratu direla.
MTI agentziaren arabera, errefuxiatu batzuk Poliziak ezarritako hesia gainditzen saiatu dira eta kanioi batekin ura jaurtita geldiarazi dituzte agenteek.
Iheslari batzuk hesiren bat behera botatzea lortu dute, baina Poliziak aurrera egitea galarazi die.
Gauzak horrela, migratzaile batzuk botilak eta harriak jaurtitzen hasi dira, eta Poliziak gas negar-eragilearekin eta ura botatzeko kanoiarekin erantzun du.
2.000 pertsona baino gehiago daude Serbia eta Hungaria arteko mugan, azken herrialde horretan sartzeko zain.
Hesiak eta kartzela-zigorrak errefuxiatuen aurka
Hungariak hesi bikoitza eraiki berri du Serbiarekin duen mugan, eta, horrez gain, Polizia eta Armada bertara bidali ditu, gerra eta gosetea atzean utzi nahi duten iheslariek hesia gainditzea eta Hungarian sartzea galarazteko.
Aipatu pasabidea 30 egunez itxita izango dela jakinarazi dio gaur Hungariako Gobernuak Serbiako Atzerri Ministerioari.
Bestalde, indarrean dago jada Hungarian modu ilegalean sartzea egotzitako pertsonei urtebete eta bost urte arteko espetxe-zigorra ezarri ahal izateko legea.
Horrez gain, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak iragarri du Hungaria eta Kroazia arteko mugan beste hesi bat eraikiko dutela.
Egitasmo hori justifikatzeko, Orbanek esan du errefuxiatuen ihesaldiaren atzean mafiak aurkitzen direla eta azken horiek direla, hain zuzen ere, Alemaniara edo Eskandinavia heltzeko ibilbideak zehazten dituztenak.
Ekialde Ertainetik edo Asiatik gerraren edo gosetearen ondorioz ihesean dauden 200.000 pertsona igaro dira aurten Hungariatik. Gehiengoak, baina, herrialde hori atzean utzi eta Alemaniara iritsi nahi du.
Serbia, EB eta NBEren kritikak
Hungariak hartutako neurrien ostean, Serbiako Barne ministroak, Nebojsa Stefanovicek, esan du polizia gehiago bidaliko dituztela Hungariarekin duten mugara, “Hungariako Poliziaren erasoak saihesteko”.
Serbiako Gobernuak gaitzetsi degin du negarra eragiteko gasa eta ura jaurtitzeko kanoiak erabili izana errefuxiatuen aurka. “Budapestek ez du horretarako eskubiderik”, erantsi dute.
Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak “harridura” adierazi du eta horrelako neurriak “onartezinak” direla nabarmendu du.
“Arazoak arazo, gerratik ihesean dauden pertsonak direla izan behar dute kontuan Europako agintariek. Tratu duina merezi dute. Giza eskubideak bermatu behar zaizkie”, azaldu du.
Bestalde, Cecilia Malmström Europar Batasuneko Komertzio komisarioak ezinbestekotzat jo du datorren asteko bileran errefuxiatuen krisiari irtenbidea emateko akordioa lortzea, eta mugetan hesiak eraikitzea konponbidea ez dela esan du.
“50 metroko horma bat eraikiz gero, 51 metroko eskailera bat topatuko dute. Ihesean dauden pertsona desesperatuak dira eta ibilbide berriak aurkituko dituzte”, azpimarratu du.