Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Alemaniak mugak itxi ditu, errefuxiatuengatik gainezka eginda
Alemania eta Austria arteko tren-zirkulazioa etenda dago, eta Alemaniako Gobernuak aldi baterako kontrolak berrezarri ditu bere mugetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bere mugetan aldi baterako kontrolak berrezartzea erabaki du igande honetan Alemaniako Gobernuak, Austriatik datozen milaka errefuxiatuengatik gainezka eginda baitago. Gainera, aurreikuspen falta dela eta, Angel Merkel kantzilerrari egindako kritikak areagotu egin dira.
Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroak iragarri du neurria Berlinen, bihar Europako bazkideekin batzartzeko Bruselara joan aurretik. Halaber, Europa osotik errefuxiatuak banatzeko ardura hartzeko eskatu die Europako herrialdeei.
Bestalde, Deutsche Bahn tren-enpresa nazionalak iragarri duenez, Alemania eta Austria arteko tren-zirkulazioa etenda dago biharko 06:00ak arte.
De Mazierek esan duenez, mugen behin-behineko itxiera "premiazkoa" da, segurtasun neurriak direla eta, eta asilo-eskatzaileen fluxua gelditzeko asmoz.
Schengen akordioak, bertan behera
Helburu nagusia Austria eta Alemania arteko muga da. Joan den asteburutik milaka errefuxiatu igaro dira bertatik, Hungariako larrialdi-egoera ikusita, bideak erabat ireki ostean.
Azken erabaki hauekin, Alemaniak bertan behera utzi ditu Europatik pertsonen zirkulazio askea bermatzen duten Schengeneko akordioak. Hori dela eta, herrialdean sartzeko arauzko dokumentazioa izan beharko dute herritarrek.
De Mazierek gogora ekarri duenez, Europako araudiaren arabera, Alemania ez da asilo-eskatzailearen gehienen erantzule, eta Dublineko hitzarmena errespetatzeko eskatu die bazkideei, oraindik indarrean baitago.
Bestalde, Alemaniako Barne ministroak ohartarazi du asilo eskubidea duten errefuxiatuek ezin izango dutela aukeratu non bizi eta Europako gobernuek adostutako kuotak onartu beharko dituztela.
Errefuxiatuak banatzea
Italiara eta Greziara heldutako lehenengo 40.000 asilo-eskatzaileak banatzen hasteko azken urratsa emango dute astelehen honetan Europar Batasuneko Barne ministroek. Gainera, beste bigarren programa baten gainean eztabaidatuko dute. Horren arabera, guztira 160.000 errefuxiatu hartuko lituzke Europak.
Dena dela, Ekialdeko eta Baltikoko herrialdeek ez dute nahi errefuxiatu-kopurua handitzea. Izan ere, Eslovakiako Barne ministroak iragarri duenez, Europako Estatuen artean errefuxiatuak banatzeko derrigorrezko kuoten gaineko edozein erabakiari betoa jarriko dio.
Alemania, errefuxiatuak hartzeko larrialdiko konponbide bila
Alemaniako agintariak larrialdiko konponbide bila ari dira herrialdera iristen ari diren milaka errefuxiatuei harrera egiteko. Munich hiriko alkateak eta Alemaniako hainbat eskualdetako agintariek salatu dutenez, beren lurraldeak beteta daude eta Merkelek, horren aurrean, estatuaren eta herrietako agintarien arteko lankidetza bermatu du. Bien bitartean, 40.000 errefuxiatu iritsiko dira ondorengo egunetan Europa ekialdetik erdialdeko herrialdeetara.
Poliziak eskainitako datuen arabera, atzo asilo eskaera egingo duten 12.200 lagun heldu ziren Munich hiriko tren geltokira eta gaur eguerdira arte beste 1.400 iritsi dira. Alemaniako agintariek berri eman dutenez, abuztu amaieraz geroztik 63.000 errefuxiatu heldu dira Munichera.
Alemania hegoaldeko Munich hiria errefuxiatuz lepo dago eta ez dago ohe nahikorik guztiak hartzeko, Dieter Reiter bertako alkatearen arabera.
"Dagoeneko ez dakigu zer egin dezakegun errefuxiatuekin", adierazi die kazetariei. Halaber, erantzukizuna beren gain hartzeko eskatu die Alemaniako gainerako lurraldeei.
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri Gaietarako ministroaren esanetan, asteburu honetan asilo eskaera egingo duten 40.000 lagun hartuko ditu Alemaniak.
Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroak azaldu duenez, milaka errefuxiaturen iritsiera medio, erresistentzia gaitasunaren muturrera heldu da herrialdea. Hori dela eta, errefuxiatuen fluxua gelditzeko "neurri eraginkorrak" aldarrikatu ditu.
Bestalde, Austriako agintariek onartu dute errefuxiatuen inguruko aurreikuspenak benetakoak direla eta 40.000 inguru iristea espero dutela datozen egunetan. Hans Peter Doskozil Austriako Poliziaren ordezkari baten esanetan, astelehenerako errefuxiatu olde "izugarria" espero dute eta aurreko asteburuarekin alderatu du; orduan 16.000 errefuxiatuk igaro zuten Hungaria eta Austria arteko muga.
Bien bitartean, Europako Barne ministroek goi-bilera egingo dute astelehenean errefuxiatuen krisia mahai gainean dutela. Antza denez, egun Hungarian, Grezian eta Italian dauden 160.000 errefuxiatu Europako herrialdeen artean banatzeko Europako Batzordeak egindako proposamena onartuko dute.