Mundua -

Erreskatea Mediterraneoan

1.100 etorkin inguru lehorreratu dira Italiako hainbat portutan

Bien bitartean, etorkin gehiago erreskatatzeko lanean dihardute Siziliako itsasartean. Irailean 20.000 etorkin lehorreratzea aurreikusten du Italiako Barne Ministerioak.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Siziliako itsasartean erreskatatu dituzten 1.100 etorkin inguru lehorreratu dira larunbat honetan Italiako Taranto eta Messina portuetan, bertako agintariek baieztatu dutenez.

Messinako portuan 683 etorkin lehorreratu dira. Halaber, bi emakumeren hilotzak ere heldu dira aipaturiko portura, baina agintariek ez dituzte horien heriotzaren zergatiak argitu.

Moas gobernuz kanpoko erakundearen "Phoenix" ontzia gaur heldu da 415 etorkinekin Tarantoko portura, tartean, 39 emakume eta 37 adingabe.

Bien bitartean, etorkin gehiago erreskatatzeko lanean dihardute Siziliako itsasartean. Adibidez, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak berri eman duenez, pneumatikozko ontzi batean zihoazen 128 etorkini laguntza eskaini die.

Bestalde, Tarantoko agintariek emandako informazioaren arabera, bihar beste 371 etorkin iritsiko dira bertako portura.

Etorkinen etorrerak ez du etenik eta irailean 20.000 etorkin lehorreratzea aurreikusten du Italiako Barne Ministerioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur