Mundua -
Errefuxiatu zentroen kontra
31 polizia zauritu dituzte neonazien protesta batean, Alemanian
Poliziaren eta neonazien arteko enfrentamenduak goizaldean jazo dira errefuxiatu zentro baten kanpoaldean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 31 polizia zauritu dira, horietako bat larri, Alemania ekialdeko Hidenau herrian neonazien eta segurtasun indarren artean izandako enfrentamenduetan. Errefuxiatuentzako aterpe baten atarian gertatu dira istiluak.
Errefuxiatu zentrora zihoan atzerritarrez betetako autobus baten sarrera oztopatzen ahalegindu dira NPD Alemaniako alderdi neonaziko kideak eta orduan istiluak sortu dira manifestarien eta Poliziaren artean.
Manifestariek -600 inguru- "harriak, botilak eta petardoak jaurti zituzten polizien kontra eta zirkulazioa mozten ahalegindu ziren eraikuntzako hesiak erabilita.
Bestalde, Poliziak negarra eragiteko gasa eta piperbeltza erabili ditu manifestarien aurka.
Heiko Maas Alemaniako Justizia ministroak haren Twitter kontuan adierazi duenez, ezin da onartu Alemanian mehatxatuta dauden eta erasoak jasotzen dituzten pertsonak izatea eta zuzenbide estatua "irmotasunez" defendatzearen alde agertu da.
Azken asteetan areagotu egin dira errefuxiatuentzako aterpeen kontrako erasoak.