Mundua -
Immigrazioa
800 bat etorkin lehorreratu dira Italiako hegoaldean
Gainera, Italiako kostazainek 116 etorkin erreskatatu dituzte Libiatik gertu. Afrikako iparraldetik datorren etorkin-fluxuak bere horretan jarraitzen du eguraldi onak lagunduta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
800 etorkin inguru (658 gizonezko, 94 emakumezko eta 48 adingabe) Reggio Calabriako portuan lehorreratu dira larunbat honetan, Italiako hegoaldean, hain zuzen ere.
Tokiko komunikabideek jakinarazi dutenez, guztiak onik daude, baina bi etorkin ospitalera eraman dituzte, hainbat proba egin diezaieten.
Gainera, Italiako kostazainek beste 116 etorkin erreskatatu dituzte Libiatik gertu. Horretarako, kostazain italiarren Diciotti ontzia erabili dute.
Afrikako iparraldetik datorren etorkin-fluxuak bere horretan jarraitzen du eguraldi onak lagunduta.
Kostazainek azaldu dutenez, atzo 463 etorkin erreskatatu zituzten Italiako Azpiegituren eta Garraioen Ministerioak abiatutako lau operaziotan. Etorkinak lau ontzitan zihoazen, eta erreskate-lanetan hainbat merkantzia-ontzik eta Mugarik Gabeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak parte hartu dute.