Mundua -
Harreman diplomatikoak
Kubako banderak bere lekua berreskuratu du Washingtongo enbaxadan
Habanan ere ireki dute AEBren enbaxada, baina ez dute banderarik jarri, Kerry bertara joaten denerako utzi baitute ekintza sinboliko hori.
agentziak | erredakzioa
Kubako bandera jarri dute jada Washingtongo enbaxadan, 55 urteren ostean AEBren eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak berriro martxan jarri baitira.
Bruno Rodriguez Cubako kantzilerrak parte hartu du 1977tik Kubako Interesen Sekzioa hartzen zuen eraikineko ekitaldian.
Ekitaldi historiko horretan Kubako ereserkia jo dute, bertakoek abestu duten bitartean, eta Roberta Jacobson izan da AEBko Gobernuaren ordezkaria, Latinoamerikarako Estatu idazkariorde baita.
Rodriguezez eta Jacobsonez gain, Josefina Vidal Kubako Atzerri Gaietarako Ministerioko zuzendari nagusia ere bertan izan da, beste 500 gonbidaturekin batera, tartean Kuban erreferente diren artistak.
Blokeoaren amaiera
Bruno Rodriguezek AEBren blokeo ekonomikoa amaitzea eta Guantanamoko lurral itzultzea exijitu du, enbaxadaren irekiera ekitaldian.
"Erronka handia da, sekula ez baita harreman normalik izan AEBren eta Kubaren artean", adierazi du Rodriguezek, negoziazioetan parte hartzen ari diren ordezkariei eskerrak ematearekin batera.
John Kerry AEBko Estatu idazkariak Rodriguez hartu du gaur arratsaldean 54 urteko desadostasunen ostean "apurtuta zegoena konpontzeko", diplomaziaburuak buruzagi kubatarrarekin bildu ostean adierazi duenez.
"Gaurko eguna ospatzen dugu, uztailaren 20a, kaltetuta zegoena konpontzen eta hainbeste denboran itxita egon dena irekitzen hasiko garelako", esan du Kerryk espainolez.
AEBren Kubako enbaxada irekita, Kerryren zain
Oraindik datarik zehaztu ez badute ere, AEBko enbaxadak baieztatu du John Kerry Estatu idazkaria "udan Kubara" joango dela Habanako enbaxadaren irekiera ospatzeko eta "AEBetako bandera jartzeko".
Kubaren eta AEBren arteko harreman diplimatikoak ofizialki berrezarri diren egun honetan, AEBren enbaxada ireki dute Habanan, baina ez dute banderarik jarri, John Kerry bertaratzeko zain baitaude.
Fidel Castroren iraultzak irabazi zuenetik apurtutako harremanen ostean, kubatarren adiskidetze diplomatikoaren lekuko izan dira.