Mundua -
Bagdad
120 hildako inguru EIk merkatu baten aurka egindako atentatuan, Iraken
Atentatuan, gainera, 50 bat lokal suntsitu eta 70 ibilgailu kiskali dira, leherketa handiaren eraginez. Eztandak krater handi bat egin du zoruan.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 120 lagun hil dira Jan Beni Said guneko merkatu baten kontra Estatu Islamikoak (EI) egindako atentatu batean, Bagdad Irakeko hiriburuko ipar ekialdean, hango segurtasun agintarietako iturri batek zabaldu duenez.
Gainera, 20 bat lagun desagertu dira, eta uste dute haien gorputzak desegin direla atzo, ostirala, merkatu horren ondoan lehertutako bonba kamioi baten eztanda dela eta, ingurua jendez gainezka baitzegoen atentatuaren unean, aipatutako iturriaren arabera.
Horrez gainera, 50 bat lokal suntsitu dira eta 70 ibilgailu kiskalita, leherketa handiaren eraginez. Krater handi bat egin du zoruan.
EIk bere gain hartu du erasoa bart, Twitter sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez. EIren esanetan, atentatua Irakeko terrorista suizida batek egin zuen, hiru tona lehergai zeramatzan kamioi bat leherrarazita.
Taldeak ziurtatu duenez, operazioan 180 miliziano xiita hil dira, Al Rasul Al Aadam meskitatik gertu baitzeuden, eta eztandak kalte material handiak ere eragin ditu inguruan.