Mundua -

Nazioarteko buruzagien bilera

Segurtasun-neurri zorrotzak Bavarian, G7ko goi-bilera hartzeko

G7ko liderrak Alemaniako hegoaldean batzartuko dira bihar eta etzi bitartean, nazioarteko politikaren eta ekonomiaren inguruan mintzatzeko asmoz. Horren harira, protestak zabaldu dira Bavarian.

22.000 agentetik gora Bavariako segurtasuna bermatzeko. Argazkia: EFE
Poliziaren eta G7aren aurkako manifestarien arteko liskarrak

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elmauko jauregia, Alpeetan (Alemaniako hegoaldean), prest dago, protesten eta segurtasun-neurri zorrotzen artean, G7ko buruzagiek egingo duten goi-bilera hartzeko. Bihar eta etzi bitartean, lider horiek nazioarteko politikaren eta ekonomiaren inguruan mintzatuko dira.

Horren harira, protestak izan dira dagoeneko Bavarian. 3.600 manifestari inguru, Poliziaren arabera, Garmisch-Patenkircheneko udalerrian izan dira protesta egiten. Goi-bilera egingo den hoteletik gertuen dagoen udalerria da, eta milaka agente zabaldu dituzte bertan, eta hainbat kilometroko perimetroa ezarri dute.

Stop G7 taldeak deitutako martxan AEB-EB merkataritza-itunaren aurkako eta klima-akordioaren aldeko leloak izan dira entzungai. Manifestazioa baketsua izan da hasieran, baina zenbait manifestarik Poliziaren aurka egin dute, eta horrek gas negar-eragilearekin erantzun du.

22.000 agente baino gehiago zabaldu dituzte Alemaniako goi-bilera horren segurtasuna bermatzeko. Gainera, mugetan behin-behineko kontrolak ezarri dituzte, eta aire-espazioaren tarte bat ixteko asmoa dute.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra anfitrioia izango da bigarrenez (2007an izan zen lehenengo aldiz). Oraingoan AEBko, Japoniako, Alemaniako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako eta Kanadako buruzagiak bilduko dira, Europako hainbat erakundetako beste zenbait arduradunekin eta Afrikako hainbat presidenterekin batera.

"Bideokonferentzia batek ere ezin ditu goi-bilerako elkarrizketa sakonak ordezkatu", azpimarratu du Merkelek, goi-bilerek eragindako gastu handien aurrean bere burua zuritzeko asmoz. Izan ere, biharko goi-bilerak 130 milioi euroko kostua izan du.

Shinzo Abe eta Stephem Harpen Japoniako eta Kanadako lehen ministroak, hurrenez hurren, Bavariara iritsi dira larunbat arratsaldean. Bihar goizean Barack Obama AEBko presidentea helduko da, eta herritarrekin egindako ekitaldi batean parte hartuko du Merkelekin batera, 2.000 biztanle dituen Krün herrian, hain zuzen ere.

Grezia, lehenengo egunaren protagonista

Lehenengo egunean nazioarteko egoera ekonomikoa izango dute hizpide, eta litekeena da Greziako krisiaren ingurua mintzatzea. Bestalde, alde biko eta eskualdeka negoziatzen ari diren merkataritza-itunak aztertuko dituzte, eta, naziorteko hornitzaileek lan eta gizarte arloko neurriak errespeta ditzaten, funts bat sortuko dute, Bangladeshen jazotako tragediak berriro gerta ez dadin.

Bigarren urtez jarraian, Vladimir Putin Errusiako presidentea ez da goi-bileran izango.

Bestalde, Siriako gerra eztabaidatzeko beste puntu bat izango da, izan ere, Estatu Islamiarraren aurka abiatutako bonbardaketa-kanpaina "berriro aztertzeko" asmoa dute AEBk.

Astelehenean, berriz, Parisen izango den klima-batzarraren inguruan eta terrorismo islamistaren kontrako borrokaren gainean arituko dira. Orduan, Irakeko, Tunisiako, Nigeriako, Etiopiako, Liberiako eta Senegaleko gobernuburuak helduko dira Bavariara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania bideoak