Mundua -
G7 taldearen bilera
30 zauritu Alemanian, manifestarien eta Poliziaren arteko istiluetan
G7 taldearen goi-bileraren kontra deitutako manifestazioan negarra eragiteko gasa bota du Poliziak manifestarien aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez, 30 pertsona zauritu dira Alemanian manifestarien eta Poliziaren artean izandako istiluetan eta horietako batzuk ospitalera eraman behar izan dituzte. Izan ere, milaka lagun atera dira kalera larunbat honetan Alemanian, munduko herrialderik aberatsenen taldeak (G7) igandean eta astelehenean Elmauko gazteluan egitekoa duen goi-bileraren atarian.
Poliziak egindako estimazioen arabera, 3.500 eta 4.000 lagun inguruk parte hartu dute manifestazioan; antolatzaileen esanetan, ostera, 7.500 inguru izan dira parte-hartzaileak.
Stop G7 taldeak antolaturiko manifestazioan istiluak izan dira manifestarien eta poliziaren artean, eta azken horiek negarra eragiteko gasa eta piperbeltza bota dute protestan ari zirenak sakabakanatzeko.
AEBko, Japoniako, Erresuma Batuko, Kanadako, Frantziako, Alemaniako eta Italiako buruzagiek egingo duten goi-bilera horretan hainbat gai izango dituzte mahai gainean: klima aldaketa, Grezia, Ukraina, nazioarteko merkataritza, izurriteen aurkako borroka eta terrorismoa.
Milaka lagun elkartu dira eguerditik aurrera Garmisch-Partenkircheneko tren geltokian, eta AEB eta Europar Batasuna negoziatzen ari diren merkataritza librerako akordioaren eta Lurraren berotzearen aurrean herrialdeek erakusten duten geldotasunaren kontrako mezuak erakutsi dituzte manifestariek.
Gainera, G7koen bilera egingo den gazteluaren inguruetan kanpaldia egiten ari dira 2.000 lagun inguru eta larunbat arratsaldean Garmisch-Partenkircheneko tren geltokira arteko bidea egin dute.
G7koen goi-bilera dela eta, segurtasun neurriak indartu ditu Alemaniak eta 22.000 polizia baino gehiago arituko dira lanean. Halaber, kontrolak egingo dituzte eta bilera egingo den inguruko errepideak eta aire espazioa itxiko dituzte.