Mundua -
Negoziazioak
Kuba eta AEB berriro bildu dira enbaxaden inguruko akordio bila
Kubatarrek desadostasunak azpimarratu badituzte ere, Washingtonek ez du beharrezko jotzen batzar gehiago.
agentziak | erredakzioa
Josefina Vidal AEBekin negoziatzeko ordezkari kubatarrak iragarri du gaur amaitu dela AEBekin harremanak berriro ezartzeko negoziazioen laugarren bilera erronda, eta batzar gehiago beharko direla enbaxadak berriro irekitzeko.
Vidalek Washingtonen egin duten bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "aurrera" egin dute oraindik adosteke dituzten kontuetan.
"Bi ordezkaritzok erabaki dugu misio diplomatikoekin lotutako gaien inguruan eztabaidatzen jarraitzea", adierazi du Vidalek, Kubako Gobernuak enbaxaden irekieraren inguruan aurrerapausoak eman dituztela baina batzar gehiago beharko direla jakinarazi eta gutxira.
Hala ere, Roberta Jacobson AEBren diplomazialariak esan du laugarren bilera erronda "oso produktiboa" izan dela, eta enbaxadak irekitzeko helburutik "askoz gertuago" dagoela.
"Elkarrizketa sorta hau oso produktiboa izan da. Urrats garrantzitsuak egin ditugu azken hilabeteotan, eta harremanak berriro ezartzeko eta enbaxadak irekitzetik askoz gertuago gaude", adierazi du Jacobsonek prentsaurrekoan.
Orain arteko desadostasun handienak AEBren exijentzietan daude, haien diplomazialariek Errusian, Txinan eta Vietnamen duten mugimendu askatasun bera eskatzen baitute; eta Kubak bermeak nahi ditu, egoera hori ez dezaten aprobetxatu disidenteekin harremanak estutzeko.