Mundua -
Bilera
Cameronek ez du Eskozian erreferendum berririk aurreikusten
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroarekin bildu ostean esan ditu hitz horiek Cameronek. Maiatzaren 7ko hauteskundeen ondoren bi agintariek egin duten lehen bilera izan da gaurkoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Edinburgon esan duenez, “ez du inondik inora erreferendum berri bat aurreikusten Eskozian”. Eskoziari eskumen gehiago ematea onartuko lukeela gaineratu du.
“Ez da inondik inora ere aurreikusten. Ni oso argia naiz. Erreferendum bat egon da eta emaitza argia izan da. Eskoziak Erresuma Batuan ze etorkizun duen aukeratu behar da orain”, baieztatu du Cameronek BBCn.
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroarekin bildu ostean esan ditu hitz horiek Cameronek. Maiatzaren 7ko hauteskundeen ondoren bi agintariek egin duten lehen bilera izan da gaurkoa. Azken hauteskunde nagusietan Cameronek gehiengo nagusia lortu zuen, eta Sturgeonen alderdiak Eskozian jokoan zeuden 59 eserlekuen 56 eskuratu zituen.
Smith Batzordea bezala ezaguna den akordioan jasotakoetatik haratago joatearen beharra nabarmendu du bileran Sturgeonek.
“Smith Batzordeak planteatzen duena baino deszentralizazio handiago izateko proposamenak aurkeztuko ditugula esan dut”, baieztatu dio Sturgeonek Sky News komunikabideari. Besteak beste, sozietate zerga, lan legedia, gutxieneko soldata eta subsidioak moldatzea proposatzen du Eskoziako lehen ministroak.
Proposamenak aztertuko dituela esan du Cameronek, baina ez du inongo konpromisorik hartu. SNP alderdiak aldarrikatzen duen autonomia fiskalaren aurka dagoela gaineratu du.