Mundua -
Bilera
Eskoziaren autonomiari heldu diote Cameronek eta Sturgeonek
Maiatzaren 7ko hauteskundeen ondoren bi agintariek egiten duten lehen bilera da gaurkoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bilera egin dute gaur Edinburgon. Eskoziak autonomia gehiago izatea izan dute bilera horretan hizpide.
Maiatzaren 7ko hauteskundeen ondoren bi agintariek egiten duten lehen bilera izan da gaurkoa. Azken hauteskunde nagusietan Cameronek gehiengo nagusia lortu zuen, eta Sturgeonen alderdiak Eskozian jokoan zeuden 59 eserlekuen 56 eskuratu zituen.
Erresuma Batuko lehen ministroak datorren maiatzaren 27an Westminsterreko Parlamentuan aurkeztuko duen programan Eskoziari autonomia gehiago emango dion lege-proiektua sartuko duela agindu du.
Smith Batzordean Eskoziaren autonomiaren inguruan jasotako gomendioak betetzeko asmoa agertu du Cameronek. Sturgeonen aburuz, ordea, ez da nahikoa.
Eskoziaren independentziaren erreferendumean ezezkoa gailendu ondoren ezarri zuen lehen ministroak Smith Batzordea.
Cameronekin elkarrizketa “serio” eta “eraikitzaileak” izateko asmoa agertu du bilera hasi aurretik Sturgeonek.
Eskoziara egindako bidaiak Erresuma Batu osoarekin duen “konpromisoa eta Erresuma Batuaren baitan Eskoziak duen garrantzia” erakusten duela nabarmendu du Cameronek.