Mundua -

Hauteskundeak Erresuma Batuan

Laboristen porrota: Ed Milibandek 232 eserleku eskuratu ditu

Buruzagi laboristak dimisioa eman du, hauteskunde gau "etsigarria"ren ondotik.

Ed Milibandek, etsita, porrota onartu du. EFE
Ed Milibandek, etsita, porrota onartu du. EFE

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde aurreko inkestak krudelak izan daitezke zenbaitetan. Erresuma Batuan bi alderdi nagusien berdinketa teknikoa aurreikusten zuten, baina alde nabarmena atera dio David Cameronen Alderdi Kontserbadoreak Ed Milibanden Alderdi Laboristari. Emaitza ofizialen arabera (650 barrutietatik 643 zenbatuta), laboristek 232 eserleku eskuratu dituzte eta kontserbadoreek, 326. Emaitza kaskarrak direla eta, dimisioa aurkeztu du eguerdian buruzagi laboristak.

Ed Miliband bigarren indar izatearekin konformatu beharko da, David Cameronen gehiengo osoaren aurrean.

Atzokoan bezala, Twitter erabili du Milibandek bere "etsipena" adierazteko:

Mezuan aitortu duenez, laboristek hauteskunde gau "etsigarri eta zaila" izan dute. Txioa haren aldeko botoa eman dutenei eta alderdikideei eskerrak emateko ere erabili du buruzagi laboristak. Doncaster barrutian (Ingalaterra iparraldea) jokoan zuen eserlekuari eutsi dio Milibandek. Cameronen garaipena hizpide, gobernu berriak "erantzukizun erraldoia" duela azpimarratu du, eta erantsi: "batzen gaituena, zatitzen gaituena baino gehiago da".

Laboristek Eskozian izandako emaitzak txarrak ere ahotan hartu ditu Milibandek: zituzten 41etik bakarrari eutsi diote. Nicolas Sturgeon Eskoziako Alderdi Nazionalistaren hautagaiak izan dira bertan nagusi: jokoan zeuden 59 eserlekuetatik, 56 eskuratu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua bideoak David Cameron