Mundua -
Hauteskundeak Erresuma Batuan
Cameronek gehiengo osoarekin irabazi ditu hauteskundeak
Alderdi Kontserbadoreak 326 eserleku eskuratu ditu, eta laboristek 232. Ondoren, hirugarren alderdia Salmondena izango da, 56 ordezkarirekin. Cleggek zigor handia jaso du.
Agentziak
David Cameronen Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoarekin irabazi ditu Erresuma Batuko hauteskundeak, zenbatuta dauden 646 barrutietan (650 dira guztira).
Kontserbadoreek 326 eserleku eskuratu dituzte eta Ed Milibandek gidatutako laboristen alderdiak 232. Azken horiek kolpe handia hartu dute Eskozian, bertan Eskoziako Alderdi Nazionalak ordezkari kopuru handia lortu du.
Salmonden alderdiak hirugarren lekua eskuratu du Londresko Parlamentuan, 56 kiderekin; ondoren, Nick Cleggek gidatutako liberaldemokratak izango dira, 8 parlamentarirekin eta, azkenik, Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia, ordezkari bakarrarekin.
Cameron lehen ministro britainiarraren garaipenak egonkortasun politikoa ekarriko luke eta, horri esker, hauteskundeak baino lehen aurreikusitako negoziazio politiko korapilatsuak ekidingo lituzkete.
Buruzagi kontserbadoreak ez du jada "torien" Ipar Irlandako Alderdi Unionista Demokratikoaren (DUP) babesik behar; Peter Robinson alderdi horretako liderrak bere burua eskaini baitu kontserbadoreak zein laboristak babesteko, berdinketa geratuz gero.
Unionisten burua Erresuma Batuan mantentzearen aldekoa da eta koalizio gobernua osatzea ukatu zuen, baina itunak errazteko prestutasuna adierazi du.
Parlamentu berria maiatzaren 18an jarriko da abian. Maiatzaren 27an ?Erreginaren Hitzaldia? bezala ezaguna den ekitaldia egingo dute. Egun horretan Isabel II erregina Loren Ganberara joaten da Gobernu berriak legealdirako prestatutako programa irakurtzera.
Erreferenduma
David Cameron lehen ministroak baieztatu duenez, Erresuma Batuak erreferenduma egingo du herrialdeak Europar Batasunean jarraitu edo ez erabakitzeko.
Downing Street 10 zenbakiko egoitza ofizialaren aurrean egin du adierazpen hori lehen ministroak. Cameronek gaineratu duenez, Erresuma osoarentzat aginduko du (Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda).
Isabel II erreginarekin Buckingham jauregian bildu ondoren egin ditu adierazpenak David Cameronek. Hauteskunde programan jasotako promes ?guztiak? beteko dituala azpimarratu du. Besteak beste, zergen murrizketa edo lanpostuen sorrera.
"Lehoi eskoziarrak orro egin du"
Alex Salmond nazionalista eskoziarra Parlamentu britainiarraren Komunen Ganberan sartu da, Gordon barrutian eserlekua eskuratuta, zenbaketa ofizialaren arabera.
Eskoziako Alderdi Nazionalistaren buru ohi eta eskualdeko ministro nagusiak aurreko irailaren 18an Eskozian egindako erreferenduma -independentziaren inguruan- bultzatu zuen.
Garailetzat jo eta gero, Salmondek esan du "lehoi eskoziarrak orro egin" duela bart, SNPren garaipena azpimarratuta.