Mundua -

Hauteskundeak Erresuma Batuan

Erresuma Batuko hauteskundeak ulertzeko bost gako

Herrialdea gobernaezina izan liteke hauteskundeen ostean. Europar Batasunak ere asko du jokoan gaurkoan.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. EFE
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. EFE
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko hauteskunde sistema, gehiengo osoen ekoizle

Herrialde osoan 650 hauteskunde barruti daude, eta bakoitzean eserleku bakarra ematen dute. Hautagai bozkatuenak lortzen du eserlekua, eta bigarrena, aldiz, esku hutsik geratzen da, nahiz eta boto bateko aldea izan.

Hori dela eta, gerta liteke alderdi bat barruti guztietan bigarren geratzea, baina, herrialde osoko botoak kontuan hartuta, irabazleak beste babes lortu izana. Kasu horretan, bigarren alderdiak ez luke eserleku bakar bat ere lortuko, eta lehenak, ordea, guztiak bereganatuko lituzke.

Hauteskunde sistema honek gehiengo egonkorrak sortzea du helburu. Horrenbestez, ez da ohikoa alderdiek koalizio gobernuak egin behar izatea.

Eszenario gobernaezina

Inkesten arabera, Erresuma Batuko bi alderdi nagusiak, kontserbadorea eta laborista, berdinduta daude boto asmoan, eta, hortaz, ez dute babes nahikoa izango gobernua osatzeko. Akordioak lortzera behartuta izango dira.

Testuinguru horretan, Eskoziako Alderdi Nazionalista (SNP) izan liteke gakoa, lurralde horretan jokoan dauden 59 eserlekuetako gehienak eskuratuko dituelako baitirudi.

Nick Cleggen alderdi liberal-demokratak (egungo Gobernu kontserbadorea sostengatzen duena) eserlekuen erdiak galduko ei ditu (57tik 27ra pasatuko da, inkesten arabera), baina influentzia ahalmen handia izango du hala ere. Bestalde, UKIP alderdi eurofoboak babes nabarmena jasoko du ( botoen % 13 inguru), baina 3 eserleku baino ez.

Balizko itunak

Erresuma Batuko Parlamentua Europako handienetakoa da, 650 eserleku baititu. Hori horrela, 326 diputaturen babesa behar da gobernua osatzeko, eta kontserbadoreek eta laboristek 271 inguru lortuko dituzte.

Liberal-demokratek irabazleari eskainiko diote babesa, baina, hala ere, badirudi batuketa ez dela nahikoa izango gehiengo osora heltzeko.

Eskoziako nazionalistek eragin handiagoa izango dute hurrengo Gobernua hautatzeko, eta David Cameron agintetik kentzea dute helburu. Hortaz, baliteke laboristei eskaintzea babesa, baina horiek errefusatu egin dute. “Ez da Gobernu laboristarik izango, horretarako SNPrekin akordioak lortu behar baditut”, ohartarazi zuen joan den astean Milibandek berak.

Liberal-demokratek ere ez dituzte eskoziar nazionalistak ikusi nahi, eta ez dute egingo SNP barruan izango lukeen gobernu baten alde. Puzzle zaila.

Badago kontuan hartu beharreko beste puntu bat: Sinn Fein alderdiko (Ipar Irlanda) diputatuek karguaren zina egiten ez badute, gehiengo osoaren muga txikiagoa izango da. 2010ean, alderdi independentistak 5 eserleku lortu zituen; horrenbestez, gehiengo osoa 321ekoa izango litzateke, emaitza horiek errepikatzen badira.

Eta hautagai batek eserlekua lortzen ez badu, zer?

Arestian esan bezala, hauteskunde barruti bakoitzean hautagai bozkatuenak baino ez du eserlekua lortzen. Horregatik, lehen ministro izateko hautagaiek aldez aurretik euren barrutietan irabazi behar dute.

Norbaitek lortzen ez badu, horren alderdiak lehen ministro izateko beste hautagai bat proposatu beharko dio erreginari.

Inkestetan ondoriozta daitekeenez, baliteke Nick Clegg eta Nigel Farage UKIPeko burua Parlamentutik kanpo geratzea.

Europar Batasuna, adi

Europar Batasunak ere asko du jokoan gaurkoan. Izan ere, kontserbadoreen garaipena eta UKIP eurofoboaren balizko hazkundea kaltegarria izan litezke bere interesentzat.

Gogoratu beharra dago David Cameronek bi urte barru erreferendum bat deitzea promestu duela, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzea edo bertan jarraitzea erabakitzeko. Eskozian independentzia erreferenduma egitea ere promestu zuen, eta bete egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua argazkiak