Mundua -
Syriza
ERT telebista publikoa berriz zabaltzea erabaki du Greziak
2013an itxi zuten, orduko gobernuak egindako murrizketen artean. 1.500 behargin lanera itzuliko dira.
EITB.EUS
Bi urtez itxia egon den ERT Greziako telebista publikoa berriz zabaltzea erabaki du gaur herrialde horretako Parlamentuak. Gobernu koalizioko alderdien botoekin bakarrik onartu da erabakia.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak kanpainan agindutako neurrietako bat izan da ERT zabaltzea.
2013an egindako murrizketen ondorioz itxi zuten ERT. Orain lehengo egiturarekin zabalduko dute. Hau da, lau telebista katerekin, bat nazioartekoa, eta 19 irrati. Urtero 300 milioi euroko kostua du Greziako telebista publikoak.
Horrenbestez, 1.500 langile berriz beren tokietara itzuliko dira; itxi zenean baino 1000 lanpostu gutxiago izango ditu, dena dela.
Onartu den lege berriarekin ERTren "independentzia eta aniztasuna" bermatu nahi dute, aldi berean, diru publikoaren eralketa saihestuz.
Amnistia fiskala
Horrekin batera, zerga iheslariei amnistia emango diela iragarri du Atenasko gobernuak. Atzerrian deposituak dituztenek deklaratzen badute zigorrik gabe % 15 eta 20 bitarteko zerga ordaindu behar izango dute. Deklaratu gabe harrapatuak diren horiek, berriz, % 46 eta beste horren besteko isuna ordaindu beharko dute.
Zerga iruzurraren aurkako borrokan elkarlana indartzeko Suitzako gobernuko ordezkaritza bat Yanis Varoufakis finantza ministroarekin bildu da Atenasen.