Mundua -

Unicefen txostena

800.000 ume Boko Haramen indarkeriatik ihesi, Nigerian

Berez nahikoa eskasa den hezkuntza sisteman ere agerikoak dira ondorioak: 10,5 milioi haur ez doaz eskolara.

1,5 milioi lagun daude Nigerian Boko Haramengandik ihesi. EFE
1,5 milioi lagun daude Nigerian Boko Haramengandik ihesi. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

800.000 haurrek euren etxea utzi behar izan dute Nigeria iparraldean Boko Haram, Nigeriako Armadaren eta matxinoen arteko gatazkaren ondorioz. Datua Unicefek eman du, Boko Haramek Chiboken 200 neskato bahitu eta urtebetera.

Talde jihadistaren indarkeriak herrialdean eragin dituen txikizio eta ondorio lazgarriak agerian utzi nahi izan ditu Nazio Batuen Erakundeko agentziak.

Azken urtean bikoiztu egin da euren etxea utzi behar izan duten umeen kopurua. Dena dela, ihes egitea dramaren aurpegietako bat baino ez da. Izan ere, Unicefek ohartarazi duenez, Boko Haramek ehunka mutil errekrutatu ditu borroketan parte hartzeko; neskatoak, berriz, ezkontzera behartu dituzte.

"Izugarrikeria horien frogak ditugu, baina goiz da oraindik arazoa zenbaterainokoa den zehazteko. Nigeriako ipar-ekialdea arriskutsua da oso, eta ezin ditugu gure kideak hara bidali", azaldu dio Laurent Duvillier Unicefek Afrika mendebaldean eta erdialdean duen ordezkariak EFE albiste agentziari.

Berez nahikoa eskasa den hezkuntza sisteman ere agerikoak dira Boko Haramen lazgarrikeriaren ondorioak: 10,5 milioi haur ez doaz eskolara (2007an 8 milioi ziren). Unesco eta Unicefen esanetan, "munduko kopuru handiena da". Horrez gain, 2012-2014 artean 196 irakasle eta 314 ikasle hil zituen, eta kalteak egin zituen 300 eskolatan.

Triskantza salatzeko, #bringbackourchildhood (itzuli gure haurtzaroa) etiketa sustatu du Unicefek, orain urtebete Chiboken bahitutako neskatoen auzia salatzeko erabili zenaren antzekoa, #bringbackourgirls (itzuli gure neskatoak).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Jihadismoa hoy