Mundua -
Ameriketako VII. Goi-bilera
Obamaren eta Castroren arteko agurrak Panamako goi-bilera abiarazi du
Harreman diplomatikoei berriro ekingo zietela iragarri zutenetik lau hilabete igaro ostean, igande honetan aldebiko bilera izango dute Panaman AEBetako eta Kubako presidenteek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Adiskidetzearen goi-bilera" izenarekin ezaguna den batzarra, Ameriketako Goi-Bilera, alegia, Panaman abiarazi dute gaurtik aurrera. Ameriketako kontinentearen herrialde guztiak bertan izango dira, baina protagonismo osoa erakarri du Barack Obama eta Raul Castro presidenteen arteko bostekoak.
Juan Carlos Varela Panamako presidenteak irekiera-ekitaldiaren hitzaldia eskaini du. Hala ere, Ameriketako VII. Goi-bileraren benetako hasiera aurretik jazo da, Obama AEBetako presidentea eta Castro Kubako presidentea agurtu direnean. Anayansiko antzokian sartzerakoan, topo egin dute, eta Ban Ki-moon NATOko idazkari nagusiaren aurrean elkar agurtu dira.
Topaketa laburra izan da da, baina "historikoa", Varelak, Ban Ki-moonek eta Jose Maria Insulza Estatu Amerikanoen Erakundeko idazkari nagusiak azpimarratu dutenez.
Ausardia eta borondatea
"Estatuburuen eta Gobernuburuen ausardia eta borondatea" goratu ditu Panamako presidenteak, "desadostasun historikoak alde batera utzi dituztelako; elkar ulertzeko saiakerak daude, herrialdeetarako eta gure kontinenterako egun hobeak ekar ditzaten".
NATOko idazkari nagusiaren iritzian, berriz, "Obama eta Castro hemen egoteak eskualdean luzaroan izandako nahia betetzea dakar".
Aldebiko bilera
Obamaren eta Castroren arteko agurra jazo eta gero, aldebiko bilera izango dute bi buruzagiek igande honetan, harreman diplomatikoak berriro abiaraziko zituztela iragarri zutenetik lau hilabete igaro ostean.
Gerra Hotzako bi etsaien arteko adiskidetzearen ondorioz, AEBen eta Venezuelaren arteko harremanak okertzen ari dira. Gainera, harreman horrek okerrera egin du, joan den hilabetean Obamak Venezuelari zigor ekonomikoak ezartzea erabaki duenean.
Kerry eta Rodriguez
Abenduan AEBk eta Kubak harremanak berreskuratzea erabaki zutenean, Obamak eta Castrok telefonoz hitz egin zuten. Gainera, 2013ko abenduan topo egin zuten Nelson Mandelaren hileta-elizkizunean. Orduan, baina, elkar agurtzea baino ez zuten egin.
Orain arte, AEBren eta Kubaren artean egindako goi-mailako bilera ofizial garrantzitsuena atzo egin zuten John Kerry Estatu idazkariak eta Bruno Rodriguez kantzilerrak, hots, bi herrialdeotako Atzerri ministroek.
Estatu Departamentuak bileraren argazki bat publikatu zuen atzo Twitterren:
Bileraren ostean, Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrendatik kentzea aholkatu dio Kerryk Obamari. Orain, Etxe Zuriko lantalde batek aztertuko du eskaera, eta ondorioak presidenteari igorriko dizkio.
Kubak zerrenda horretatik desagertzea eskatu du, baina ez du hori baldintza gisa jarri harreman diplomatikoak berreskuratzeko. Dena dela, AEBk eskaera onartzea normalizaziorako aurrerapauso garrantzitsua izango litzatekeela uste dute adituek.
Barack Obama eta Raul Castro, Nelson Mandelaren hiletan elkar agurtzen. EFE
Ez dute adierazpen bateraturik adostuko
Bestalde, Ameriketako Goi-bilerari berari dagokionez, batzarra adierazpen bateraturik gabe bukatuko da, akordio ezaren ondorioz. Horren ordez, Panamak egingo du testu bat, herrialde anfitrioi gisa.
Akordioa lortzeko oztopoa AEBk Venezuelari jarritako zigorrak izan dira. Izan ere, Caracaseko Gobernuak politika horren aurkako kritika bat gaineratu nahi izan du adierazpenean, baina herrialde batzuk aurka agertu dira. Hori bai, EFE agentziak zehaztu duenez, estatu gehienek bat egin dute Venezuelarekin.
Batzar honen alternatiba bezala, hainbat erakunde eta elkarte sozialek Herrien Goi-bilera abiatu dute Panaman, eta aurrerapen sozialetan atzera ez egitea aldarrikatu dute. Halaber, gaitzetsi egin dute AEBk Venezuelaren aurrean erakutsitako jarrera.