Mundua -
Bilera Berlinen
Elkarrizketaren aldeko apustua berretsi dute Tsiprasek eta Merkelek
Desadostasunak agertu dituzte berriro biek, baina Europaren aldeko apustua baieztatu dute, eta estereotipoak gainditu eta elkarrizketa konstruktiboa izan nahi dute.
Erredakzioa
Atenasen zorrak sortutako krisiaren aurrean desadostasunak azaldu dituzte berriro Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak, baina Europaren aldeko apustua berretsi dute, eta estereotipoak gainditu eta elkarrizketa konstruktiboa izan nahi dutela esan dute.
Tsiprasek lehen bisita ofiziala egin du Alemaniara. Gobernuburu bezala Alemaniako Gobernuaren egoitzan, Berlinen, izan da, boterera heldu eta bi hilabetera. Ikusmin handia sortu du bilerak, nahiz eta akordio zehatzik ez espero.
Alemaniaren eta Eurotaldeko kideen helburua Grezia ?hazkundera itzultzea?, sendotzea eta arazoak gainditzea da, Merkelek prentsaurrekoan adierazi duenez. Langabezia, gazteena bereziki, nabarmendu du kantzilerrak, eta hori gainditzeko, erreformak eta zergak beharrezkoak direla esan du Merkelek.
?Iritzi desberdinen? gainetik Atenasekin ?konfiantza osoz? hitz egiteko borondatea erakutsi du Merkelek, baina erreskate programa luzatzeko Greziak aurkeztu beharreko erreforma konkretuen zerrenda ez du aipatu kantzilerrak; izan ere, ez du Alemaniak aztertuko, EBko erakundeek baizik.
Bestalde, Europako itunak eta akordioak errespetatuko dituela bermatu du Tsiprasek, baina ?lehentasun zehatz batzuekin?. Horren harian, kohesio soziala lortzeko gobernatuko duela nabarmendu du. Itunak errespetatuko dituela aurreratu du Tsiprasek, baina herrialde bakoitzaren ?demokrazia? eta ?subiranotasun nazionala? ere errespetatu behar direla aipatu du.
Greziako erreskateaz, ?ez da istorio arrakastatsu bat?, esan du berriro lehen ministroak, eta ekonomian ?ondorio katastrofikoak? izan dituela adierazi du. Greziak ?epe ertainera? likidezia arazoak izango dituela jakina dela onartu du Tsiprasek. Horregatik, erakundeek ?zulo? horri erantzuna emateko, konponbide politiko bat beharrezkoa dela gaineratu du. ?Zailtasunak gainditzeko, elkarrizketa beste biderik ez dago?, azpimarratu du Tsiprasek.
Estereotipoak
Gerra ostean Europako batasun ?baliotsua? gauzatu zuen elkarrizketari eusteko borondatea agertu du Merkelek. Estereotipoek bi herrialdeen arteko harremanak kutsatu dituztela uste du Tsiprasek, eta, hori dela eta, estereotipoekin amaitu beharra nabarmendu du.
?Greziar guztiak nagiak ez diren bezala, alemaniarrak ez dira Greziaren zoritxar eta gaitz guztien arduradunak ere?, adierazi du Tsiprasek. Merkelek ?entzuten badaki?, erantsi du Greziako lehen ministroak.