Mundua -

Grezia

Greziak troikarekin negoziatzen jarraituko du asteazkenetik aurrera

Eurotaldeak ohartarazi du ez diola Greziari diru gehiago emango erreformen eta horien ezarpenaren inguruko akordiorik ezean.

EFE
EFE
Greziak proposatutako erreformak aztertzen ari da Eurotaldea

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Gobernuak onartu egin du Eurotaldearen bileran troikarekin (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) negoziatzen jarraitzea datorren asteazkenetik aurrera, Bruselan eta Atenasen, diru-laguntza gehiago jasotzeko exijitzen dizkioten erreformak adosteko helburuarekin.

"Ezin dela denbora gehiago galdu adostu dugu. Asteazkenean hasiko dira Greziako agintarien eta erakundeen (troikaren) arteko eztabaidak", iragarri du Jeroen Dijsselbloem Eurotaldearen presidenteak, bileraren ondoren.

"Erakundeekin izango dituzten eztabaidak aldi berean egingo dituzte Bruselan eta Atenasen. Azken horretan, behar izanez gero, erakundeetako teknikariek erreformak ebaluatuko dituzte", gaineratu du.

Eurotaldearen buruak troikarekin lankidetza "estuan" aritzeko eskatu dio Greziako Gobernuari, eta bere konpromisoa bete eta "akordioak atzera ez botatzeko eta alde bakarreko neurririk ez hartzeko" exijitu dio.

"Bi aste pasatu ditugu orain nor norekin bildu, non eta zein egiturarekin, eta erabateko denbora galtzea izan da", kritikatu du Dijsselbloemek. Greziako Gobernuak errefusatu egin zuen troikarekin negoziatzea, eta horrek galarazi egin du elkarrizketak hastea.

Eurotaldearen buruak berretsi du egin ditzaketela aldaketak Atenasi exijitu dizkioten neurrietan, eta Greziako Gobernuak neurri batzuk beste batzuekin ordezka ditzakeela, baina argi adierazi du aurrekontuarekin eta erreformekin hartutako konpromisoak bete behar dituela.

Dijsselbloemek esan du gaurko bileran Eurotaldeak ez duela eztabaidatu Greziaren finantzazio beharraren inguruan.

"Finantzazio beharretan denbora presiorik badago, ona izango litzateke prozesua bideratzea, baina ez da alderantziz gertatuko: ez ditugu laguntzak aurreratuko akordiorik ezean", berretsi du Eruotaldearen buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia