Mundua -
Erreskatea
Greziari erreskatea luzatzea onartu du Alemaniako Parlamentuak
Gehiengo zabal baten botoekin onartu da proposamena; 542 parlamentarik alde bozkatu dute, 32k kontra eta 13 abstenitu egin dira. Alemaniako Finantza ministroak esan du 'erabaki zaila' izan dela.
Erredakzioa
Greziari emandako erreskatea lau hilabete luzatzea onartu du Alemaniako Parlamentuak; gehiengo zabal baten botoekin atera da aurrera proposamena. Angela Merkel kantzilerraren alderdiak luzapena babestu du, eta oposizioaren gehiengoak ere bai. Orotara, 542 aldeko boto jaso ditu proposamenak, 32 parlamentarik aurka bozkatu dute eta 13 abstenitu egin dira. Merkelek zuzentzen duen CDU Alderdi Kristau Demokratako sektore bat agertu da horren aurka.
Wolfgang Schäuble Finantza ministroaren agerraldiarekin hasi da osoko bilkura Alemaniako Parlamentuan. Erreskatea luzatzearen alde agertu da bere hitzaldian. "Atenasek hartutako konpromisoak beteko dituela hitz eman du", argudiatu du. Dena dela, "erabakia zaila" izan dela onartu du.
"Luzapena onartzea inorentzat ez dela erabaki erraza izan ulertzen dut", zehaztu du Schäublek, kontra agertu diren alderdikideei zuzenduta.
Finantza ministroak nabarmendu du ez direla laguntza berriak. "Lau hilabeterako luzapena da, laguntza programa osoa emaitza onekin ixteko", adierazi du.