Mundua -
Atenasko Parlamentua
Prokopis Pavlopulos kontserbadorea aukeratu dute Greziako presidente
64 urteko politikaria Barne ministro izan zen bitan, 2004tik 2009ra, Kostas Karamanlis kontserbadorearen gobernuetan.
Erredakzioa
Prokopis Pavlopulos politikari kontserbadorea aukeratu dute Greziako Errepublikako presidente gaur Atenasko Parlamentuan.
Pavlopulosek 233 boto jaso ditu, Gobernua osatzen duten alderdien koalizioarenak eta kontserbadoreenak.
Parlamentua osatzen duten 300 parlamentarietatik 295 bertaratu dira bozketa izan denean, eta Pavlopulosek 180 behar zituen lehen itzulian aukeratua izateko.
Beste hautagaiak, Nikos Alivizatosek, To Potami oposizioko alderdi zentristak aurkeztu duenak, 30 boto jaso ditu, eta gainerako 32 diputatuek saioan zeudela baieztatu besterik ez dute egin.
Bozketan, diputatuek ozenki esan dute zein hautagairen alde egiten zuten; beste aukera saioan zeudela baieztatzea zen, legeak ez baitu presidente izateko hautagaiaren kontra bozkatzen uzten.
Espero zen legez, Gobernua osatzen duen koalizioko alderdien (Syriza eta Greziar Independenteak) eta bere alderdiaren (Demokrazia Berria) babesa jaso du Pavlopulosek.
Urrezko Egunsentia alderdiko neonaziek eta KKEko komunistek bertan zirela baieztatu besterik ez dute egin, hautagaien kontra egin ezinik.
Biografia laburra
64 urteko politikaria Barne ministro izan zen bitan, 2004tik 2009ra, Kostas Karamanlis kontserbadorearen gobernuetan, eta kritika gogorrak jaso zituen lagunei edo kideei gobernuan lana emateagatik.
Hori baino lehen, Xenofon Zolotasen batasun nazionaleko gobernuaren bozeramaile izan zen 1989 eta 1990 artean, bost hilabete iraun zuen gobernu hartan. Ondoren, diputatu izan zen azken hauteskundeetara arte, urtarrilaren 25eko hauteskundeetan ez baita aurkeztu.
Adostasunerako ikur moduan dute Pavlopulos, Demokrazia Berria kontserbadorearen adar moderatueneko kide da eta.