Mundua -

Ostiralean bukatzen da

Erabaki bat hartzeko ultimatuma eman dio Eurotaldeak Greziari

“Europar Batasunaren historian ultimatumetatik ez da ezer onik atera”, ohartarazi du Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroak.

Jeroen Dijsselbloem eta Wolfgang Schaeuble bilera baino lehen. Argazkia: EFE
Jeroen Dijsselbloem eta Wolfgang Schaeuble bilera baino lehen. Argazkia: EFE
Atenasek ez du erreskatea luzatu nahi

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako erreskatearen luzapen berri bat onartu ala ez erabakitzeko ostiralera arteko epea eman dio gaur Eurotaldeak Greziari. Akordio berri bat itxi arte behin-behineko konponbiderik onena dela uste dute EBko Ekonomia ministroek. Konpromisoen truke malgutasuna ziurtatzen du proposamenak.

?Elkarrizketekin jarraitzeko prest gaudela esan dugu. Luzapena nahi ote duten Greziako buruzagiek erabaki beharko dute orain, programako malgutasun eskaintza onartu nahi baldin badute, baina baita konpromiso guztiak bete ere?, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak jakitera eman duenez.

Dijsselbloemen hitzetan, ?hurrengo pausoa Greziako agintariek eman behar dutenaren inguruko adostasun zabala izan da. Beraiek erabaki bat hartu behar dute?.

?Aste hau dugula uste dut, baina hori da dena?, azpimarratu du Dijsselbloemek. Europako erreskatea otsailaren 28an amaitzen da eta luzapen hipotetiko bat onartzeko denbora beharko lukete parlamentu nazionalek.

Bestalde, alde guztientzat akordio ?ohoretsu? bat bilatzeko prest agertu da Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroa, baina ultimatumik onartuko ez duela ohartarazi du. ?Europar Batasunaren historian ultimatumetatik ez da ezer onik atera?, ziurtatu du.

?Maileguaren akordioa? luzatzea onartzeko prest agertu da Varufakis, baina ez ?erreskate programa?. Atenasekin, ?berdinen artean, konponbide on? bat aurkitzeko lanean murgiltzea eskatu die Greziako ministroak EBko ordezkariei.

Akordiorik ez

Eurotaldearen bilera akordiorik gabe bukatu da gaur Bruselan. Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek egindako proposamen bat ez du onartu Atenasek.

Bilera amaitu dela baieztatu dute EBko iturriek, Greziak gainerako herrialdeek egindako proposamen bat baztertu eta gero.

Laguntza berriaren inguruan adostasun bat lortu bitartean, indarrean dagoen programa beste sei hilabete luzatzea proposatu diote Euroguneko 18 estatuek Greziari, baina Atenasek ez du onartu.

?Ez gara batere baikorrak?

?Bai, arbuiatu dugu. Gauean akordio bat lortzea? ez gara batere baikorrak?, baieztatu dute Greziako Gobernuaren iturriek.

Greziak erreskate programa arrakastarekin bukatzea espero zuela zioen bilera hasierako zirriborroak, Gobernu berriaren egitasmoak kontuan hartuz.

Hala ere, testutik esaldia ezabatu egin dute. ?Hartzekodunekin dituen zorrak kitatzeko konpromiso argia? errepikatzen zuen Greziak testuan.

Eurotaldea Grezia efe

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea bileran. Argazkia: EFE

Proposamenaren arabera, erreskatea luzatzeko Greziaren eskaera onartzeko prest zegoen Eurotaldea. Konkretuki, ?indarrean dagoen programa beste sei hilabete luzatzea, ondoren konponbide bat lortzeko bitarteko pauso bat bezala?.

Akordio berrian Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ?protagonismoa izaten? jarraituko zuela zioen proposamenak.

Akordio ?zubia?

Tsiprasen Gobernuak, ostera, akordio ?zubi? bat nahi du indarrean dagoen erreskate programa aldi baterako ordezkatzeko. Udari begira hartzekodunekin beste konpromiso iraunkor bat itxi nahi du Atenasek.

Akordio zubia altxor letren enkantea 8.000 milioi eurotan handitzearekin (muga 15.000 milioi eurotan dago) eta Atenaseko Exekutiboak EBZri eskatzen dizkion 1.900 milioi eurorekin finantzatzea nahi du Greziak.

Era berean, aurreko Exekutiboak martxan jarritako erreforma batzuk bertan behera utzi nahi ditu Tsiprasen Gobernuak. Horrela, erreforma horiek beste batzuekin ordezkatu nahi ditu Syrizak. Besteak beste, administrazioa modernizatu edo iruzurraren eta kapital-ihesaren aurkako borroka sendotu nahi ditu Atenasek.

Greziak 317.000 milioi euroko zorra du, barne produktu gordinaren (BPG) % 185.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna 2023