Mundua -
Grezia
Tsipras eta Eurotaldeak troikarekin negoziazioak abiatzea adostu dute
Greziako presidenteak eta Dijsselbloemek "hiru erakundeei Greziako agintariekin hitz egiten hasteko eskatzea adostu dute, programaren analisi teknikoa egin dezaten".
Erredakzioa
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak eta Jeroen Dijssebloem Eurotaldeko presidenteak Atenasen eta troika osatzen duten hiru erakundeen (NDF, EBZ eta Europako Batzordea) arteko negoziazioei ekitea adostu dute.
Tsiprasek eta Dijsselbloemek "hiru erakundeei Greziako agintariekin hitz egiten hasteko eskatzea adostu dute, programaren eta Greziako Gobernuaren asmoen arteko analisi teknikoa egin dezaten", adierazi du Simone Boitelle Dijsselbloemen bozeramaileak.
Gaineratu duenez, elkarrizketa horien helburua "Eurotaldeko eztabaidak erraztea" izango omen da. Izan ere, datorren astelehenean egingo du Eurotaldeak bilera, eta bertan izango dira Grezia, Euroguneko gainerako estatuak, eta troika osatzen duten erakundeak, Atenasi emandako laguntzei buruzko akordio bat lortzea helburu.
Dijssebloem eta Tsipras Europako buruzagien bilera hasi aurreko batzar informalaren aurretik elkartu dira, eta EBko Finantza eta Ekonomia ministroek bilera egin ostean.
Europar Batasuneko iturriek azaldu dutenez, bestalde, erabaki horrek ez du esan nahi akordio politikoa dagoenik negoziatu beharreko gaien inguruan, ez du esan nahi aurrerapausoa eman dutela.