Mundua -
Telefono elkarrizketa
Grezia eta Txina finantza arloan lankidetzak egitea aztertzen ari dira
Gobernuko kideek baieztatu dute Greziak Txinara edo Errusiara jo dezakeela kreditu bila, Europako bazkideekin akordioak lortzen ez baditu.
Erredakzioa
Li Keqiang eta Alexis Tsipras Txinako eta Greziako lehen ministroek telefono bidezko elkarrizketa izan zuten atzo, eta bi herrialdeek finantza arloan egin ditzaketen lankidetzez eztabaidatu zuten.
Hala adierazi du Hua Chunying Txinako Atzerri Gaietarako ministroaren bozeramaileak Beijingen eskaini duen prentsaurrekoan. Aste honetan Tsiprasen Gobernuko kideek baieztatu dute Greziak Txinara edo Errusiara jo dezakeela kreditu bila, baldin eta Europako bazkideekin akordioak lortzen ez baditu.
"Greziako lehen ministroak esan zuen Grezia haren ekonomia berritzeko garai erabakigarri batean dagoela eta Txinarekin lankidetza zabaltzeko prest dagoela, baita finantza zein ekonomia alorretan lankidetza egitasmo bat aurrera eramateko ere", adierazi du Huak.
Elkarrizketa horretan, Li Keqiangek iradoki zuen aldebiko harremanak "potentzial handia" duela.
Huaren esanetan, Tsiprasek azaldu zuen Greziako Gobernua munduko bigarren ekonomiarekin harremanak bultzatzeko konfiantzaz dagoela eta "ongietorria eman dio Txinako inbertsioari".