Mundua -

Jihadismoa

Frantziako 1.400 herritar, jihadisten sareekin lotuta

Zerbitzu sekretuen datu basearen arabera, azken asteotan handitu egin da jihadisten sareen zerrendetan agertzen den frantziarren kopurua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Valls Frantziako lehen ministroaren hitzetan, Frantzian bizi diren 1.400 herritar daude, gaur egun, Sirian edota Iraken borrokan ari diren jihadisten sareekin lotuta.

1.400 herritar horietatik 750ek Sirian edo Iraken errotuta dauden jihadisten taldeekin loturaren bat dute, eta 410 inguru herrialde horietan daude jada, borrokarako prest, Vallsek Europe 1 irrati-katean egindako elkarrizketa batean esan duenez. Gainerakoek sare horietako kide izateko asmoa agertu dute, oraindik zuzenean parte hartu ez badute ere.

Frantziako zerbitzu sekretuen datu basearen arabera, azken asteotan handitu egin da jihadisten sareen zerrendetan agertzen den frantziarren kopurua. Urtarrilaren 19an zabaldu zituzten azkenengoz datuak, eta, orduan, 1.280 ziren jihadisten sareekin lotura zuten frantziarrak. Vallsen ustez, "arazo hau ez da Frantziarena bakarrik, eta aurre egiteko ezinbestekoa da gizartearen mobilizazioa".

Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatuak izan eta hilabetera, bilera egingo du gaur Parisen Frantziako lehen ministroak Barne Cazeneuve Barne ministroarekin eta Najat Vallaud-Belkacem Hezkuntza ministroarekin, jihadismoaren bilakaera aztertzeko. Gobernuaren eskualdeetako arduradunak ere izango dira bileran. Jihadismoari aurre egiteko, hezkuntza sisteman hartu beharreko neurriak aztertuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia albisteak François Hollande Jihadismoa hoy