Mundua -

Grezia

Tsiprasek bere Gobernu programa aurkeztuko du igandean

Programa horrekin, Europako bazkideak konbentzitzea espero du lehen ministro greziarrak, honela, Greziari beste kreditu bat eman diezaioten.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Bere gobernu programa aurkezten du gaur Alexis Tsiprasek parlamentuan

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak bere Gobernu programa aurkeztuko du gaur Parlamentuan eta, programa horrekin, Europako bazkideak konbentzitzea espero du, Greziari beste kreditu bat eman diezaioten akordioa sinatu bitartean.

Greziako Parlamentuko eztabaida 19:00etan hasiko da (18:00etan Euskal Herrian), Tsiprasen hitzaldiarekin. Dena den, eztabaidak hiru egun iraungo du eta asteartean amaituko da. Orduan, Gobernu berriak konfiantza botoa eskatuko dio Parlamentuari.

To Vima egunkariaren edizio digitalak, gobernu iturriak aipatuz, berri eman duenez, Grezia eta Europako bazkideen arteko negoziazioetan izaten ari diren arazoen gainean hitz egingo du Alexis Tsiprasek bere hitzaldian.

Iturri horren arabera, Gobernuak iragarriko du ezingo dituela bere promesa guztiak bete lehenengo urtean eta, ondorioz, bi fasetan egingo dituela.

Lehen fasean, Tsiprasen gobernua krisi humanitarioari aurre egiten saiatuko da, Salonica programaren zutabe nagusietako bat dena; zeinak, besteak beste, txiroenentzako doako elektrizitatea eta janaritarako eta garraiorako deskontu txartelak eta bonuak banatzea aurreikusten duen. Egitasmo horrek, 2.000 milioi euroko kostua izango du eta, horri aurre egiteko, zerga ihesari aurre egiten saiatuko da Gobernua.

Bigarren fasean, berriz, Tsiprasek proposatu duen kontratu sozial berria aplikatzeko baldintzak sortuko dira.

Tsiprasek bihar egingo duen Gobernu programaren aurkezpenak Bruselarekin konpromiso batera heltzeko balioko duenaren itxaropena du Greziako gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak