Mundua -
EBZ-REN ERABAKIAREN AURREAN
Milaka greziar atera dira kaleetara Gobernua babestera
Facebook sare sozialaren bidez egin zuten manifestazioan parte hartzeko deia. Poliziaren arabera, 7.000 lagunek parte hartu zuten manifestazioan.
Erredakzioa
Milaka greziarrek Atenasko Syntagma enparantza bete dute ostegun honetan, Alexis Tsiprasen Gobernuari babesa emateko. Europako bazkideekin tentsioa nagusi denean egin dute manifestazioa.
Europako Banku Zentralak Greziari finantziazioa kendu eta Alexis Tsipras presidenteak eta Yanis Varufakis Finantza ministroak Europan barrena egindako bidaiak emaitza kaxkarrak izan ondoren hartu dute greziarrek kalera irteteko erabakia.
Besteak beste, hauek oihukatu dituzte: “Ez dugu xantaia gehiago onartuko”, “Grezia makurtzeko eta inoren mendean jartzeko gobernuen garaia amaitu da” eta “Merkel hosto baten moduan ari da dardarka”. Poliziak jakitera eman duenez, 7.000 lagunek hartu dute parte manifestazioan.
Facebookeko kontu baten bidez egin zuten manifestazioan parte hartzeko deia, eta, ordu gutxiren buruan, 3.000 lagunek babestu zuten deialdia.
Parlamentuaren ateraino iritsi ziren manifestariak, polizia gutxi baitzeuden enparantzan. Trafikoa zuzentzen ari ziren agente batzuk bakarrik zeuden bertan, orain arte ez bezala.
Protestariek greziarren arteko elkartasuna erakutsi nahi izan zioten Europari.
Sare sozialetan deialdi gehiago egin dituzte greziarrek, eta manifestazio berriak deitu dituzte hainbat hiriburutan otsailaren 15erako eta 16rako.