Mundua -

Bilera erronda

Juncker-Tsipras bilera, Bruselan

Europako Batzordeko presidentearekin batzartu ostean, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearekin egongo da buruzagi greziarra. Arratsaldean, berriz, Parisera joango da Hollanderekin batzera.

Alexis Tsipras eta Jean-Claude Juncker, gaur, Bruselan.
Alexis Tsipras eta Jean-Claude Juncker, gaur, Bruselan.
Alexis Tsipras eta Jean-Claude Juncker, gaur, Bruselan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea Bruselan bildu dira, gaur goizean. Greziak duen zorrari aurre egiteko proposamena helaraziko dio Tsiprasek Junckerri.

Bileraren ondoren, ez du komunikabideen aurrean agerraldirik egingo Greziako buruzagiak. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearekin batzartuko da Tsipras, Junckerrekin egon ostean. Bilera errondaren baitan, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearekin ere badu hitzordua buruzagi greziarrak.

Greziako Gobernuaren planen berri emango die Tsiprasek Europako agintariei. Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa erakundeek osatzen duten hartzekodunen hirukoa ez da legitimoa Greziako Gobernuaren ustez, eta zorra berrantolatzea da bere asmoa, ordainketa bonu berri batzuen bidez.

Junckerrek atzo Europako Parlamentuan egindako agerraldian aurreratu zuenez, Tsiprasi jada argi eta garbi esan dio, telefonoz izan dituzten elkarrizketetan, "greziarren borondate demokratikoa kontuan hartuko" dutela, baina greziarrek "Europaren irizpideak ere kontuan hartu behar dituztela".

Bruselatik Parisera joango da, gaur arratsaldean bertan, Greziako lehen ministroa. Frantziako hiriburuan Francois Hollande presidentearekin bilduko da. Hollandek behin eta berriz eskaini dio elkarlana Tsiprasi, "Europa hazten laguntzeko".

Bestalde, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroa Frankfurtera joango da Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearekin biltzera, eta handik Berlinera, Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroarekin batzartzera. Bi hitzorduotara Greziaren programa ekonomikoa eramango du Varoufakisek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea