Mundua -
Aldaketa politikoa
Greziako Gobernuak dio ez duela aldebakarreko erabakirik hartuko
Gobernuak bilera egin du gaur datozen egunotako batzarrak prestatzeko; izan ere, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea bertaratuko da bihar, eta Eurotaldearen burua, etzi.
Erredakzioa
Yanis Dragasakis Greziako lehen ministroordeak esan du Atenasko Gobernuak Europako kideekin hitz egitearen aldeko apustua egingo duela, eta ez duela aldebakarreko erabakirik hartuko nazioarteko hartzekodunen negoziazioetan.
"Ez dugu Europako kideekin hausturarik nahi", adierazi du Dragasakisek Alexis Tsipras lehen ministroarekin, Yanis Varufakis Finantza ministroarekin eta Yorgos Stathakis Ekonomia ministroarekin bildu ostean.
"Europako giroa oso positiboa da. Erreskatearen ituna ez da existitzen gaur egun arte ezagutzen genuen moduan", azpimarratu du Dragasakisek.
Datozen bilerak prestatzen
Greziako Gobernuak bilera egin du, aste honetan izango dituen bilerak prestatzeko; izan ere, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea bertaratuko da ostegunean, eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldearen burua, ostiralean.
Dijsselbloemi "gure proposamenak azalduko dizkiogu, Grezia egoera honetatik atera dadin Europak finantzatu behar izan gabe", azaldu du lehen ministroordeak.
Atenasko burtsaren beherakadaz galdetuta, Gobernuak "bankuen funtzionamendu egokia" bermatu behar duela esan du, eta ez diela "akziodun pribatuen interesei kalte egingo".
Horren harira, Dragasakisek iragarri du Eurobankeko akziodunekin bilduko direla, gainerako banku sistemikoekin bezalaxe.
Schulz, esan bezala, ostegunean helduko da Atenasera, egun osoko bisita ofizial batean, eta, Tsiprasekin bildu ondoren, prentsaurrekoa emango dute elkarrekin.
Dijsselbloem, berriz, ostiralean joango da Greziako hiriburura, eta Tsiprasekin batzartzeaz gain, Varufakis Finantza ministroaren ere hitz egingo du.
Pribatizazioak geldituko ditu
Alexis Tsipras Greziako lehen ministro berriak bere agintaldiko lehen Ministroen Kontseilua zuzendu du jada, igandeko hauteskundeetan Syrizak irabazi ondoren. Grezia "salbazio soziala" ekarriko duen Gobernuaren aurrean dagoela esan du bere hitzaldian Tsiprasek. "Mesede politikoak eta ustelkeria" atzean uztera eta "azken 40 urteotan egin ezin izan diren erreformak" egitera etorri direla azaldu du.
Ministroen txandan, Panayiotis Lafazanis Berreraikuntza Produktibo, Ingurumen eta Energia ministroak lehen neurria iragarri du: hainbat pribatizazio bertan behera utziko dituzte. Besteak beste, zentral elektrikoak pribatizatzeko prozesua "berehala" etengo dutela esan du. "Korronte elektriko merkeena lortzen saiatuko gara, lehiakortasuna bultzatzeko eta familiei laguntzeko", gaineratu du.
Atenasko burtsak, behera
Atenasko burtsak behera egin du % 9,24, eta arrisku-saria 1.000 puntutik gora igo da, Greziako Gobernuak lehenengo neurriak iragarri eta berehala.
Burtsako erreferentziazko indizea 711,13 puntuko mailan geratu da itxieran, bezperan baino % 9,24 beherago. Hala, hirugarren egunez jarraian jaitsi da Atenasko burtsa, astelehenen % 3,2 eta asteartean % 3,64 galdu ostean.