Mundua -
Syrizaren garaipena
Eurotaldeak baztertu egin du Greziako zorrari kitapena egitea
Eurotaldeko herrialdeek Tsipras zoriondu dute, “arrakasta” opa diote, eta laguntza eta “elkarrizketa konstruktiboa” eskaini dizkiote, baina arauak bete beharko dituela ohartarazi diote.
Erredakzioa
Eurotaldeko herrialdeek Alexis Tsipras Syrizako buruzagia zoriondu dute hauteskundeetan lortutako garaipenagatik, ?arrakasta? opa diote lehen ministroko lanean, eta laguntza eta ?elkarrizketa konstruktiboa? eskaini dizkiote Greziak eurogunean jarraitzeko, baina arauak bete beharko dituela ohartarazi diote.
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak Greziako Ekonomia ministroarekin (Yanis Varoufakis izan daiteke) 15 minutuko elkarrizketa izan du. ?Ahalik eta lasterren? lan egiteko borondatea azaldu dio Dijsselbloemek Greziako Ekonomia ministro berriari, nahiz eta nortasunaren berri ez eman.
Greziak eurogunean jarraitzea eta bi aldeentzako konponbide onargarriak aurkitu nahi dituela esan dio ministroak. ?Orokorrean, hasiera ona izan da?, adierazi du Dijsselbloemek.
Hala eta guztiz ere, Eurotaldeak argi utzi du ez duela onartuko Syrizaren eskaera nagusia: Greziako zorrari kitapena egitea eta interesak ordaintzeko epeak aldatu edo berregituratzea.
Bestalde, Atenasek zorra ordaindu behar duela esan du Pierre Moscovici EBren Gai Ekonomikoetarako komisarioak, gainerako Estatu kideek krisi garaian laguntzeko egindako ?esfortzua? delako.
Epemugak
Klaus Regling Erreskate Funtseko zuzendariaren hitzetan, zorraren zama arintzeko neurriak hartu zituen Eurotaldeak 2012an; izan ere, epemugak 32 urteraino luzatu eta interes-tasak murriztu egin zituen. Horrela, zorraren balioa % 40 murriztu zuten. ?Zorraren gainkargarik ez dago Grezian, gutxienez ez datozen bi urteetan erreformekin jarraituz gero?, adierazi du.
Epemugak gehiago luzatzea edo zorraren interesak murriztea ?premiazkoa? edo ?lehentasuna? ez dela azpimarratu dute Dijsselbloemek, Moskovicik eta Reglingek. Hala ere, Irlanda eta Frantzia hitz egiteko prest agertu dira.
Abuztura arte Greziak 10.000 milioi euro gehiago beharko dituela ziurtatu du Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak, baina baldintzak betetzen baditu bakarrik jasoko dituela ohartarazi du.
Syrizaren jarreraren zain, Greziarekiko politika berri bat zehazterik ez du izan Eurotaldeak. Horrela, egungo erreskatea luzatzea ere ez du eskaini; izan ere, otsailaren 28an bukatzen da.