Mundua -
Grezia
Syriza eta ANEL, politikaren bi muturrak, gobernua osatzeko elkartuta
Grezia ekonomikoki erreskatatzeko akordioen kontra daude biak, baina lehenak kultur aniztasuna babesten duen bitartean, bigarrenak immigrazioaren aurka jotzen du.
Erredakzioa
Greziak orain arte egin gabeko aliantza izango du Gobernuan; izan ere, Syriza ezker muturreko koalizioa eta ANEL eskuindar nazionalistak elkar hartuta arituko dira, zorroztasun ekonomikoari aurre egiteko eta erreskaterako egindako itunak bertan behera uzteko.
ANEL, 2012an Demokrazia Berria alderdi kontserbadoretik bereizitako alderdia, Panos Kamenosek zuzentzen du. Kamenos 2011n kanporatu zuten Demokrazia Berritik, Greziaren bigarren erreskatearen kontrako botoa eman ostean.
Eskuindar nazionalistek eta Syrizak iritzi berak dituzte gai ekonomiko askotan, baina justu kontrako ikuspegia dute gizarte ereduen inguruan.
Biek egin diete aurre Andonis Samarasen Gobernuak ezarritako herstura politikei, eta troikak ezarritako murrizketa egitasmoari.
Ardurak argitzeko prozesu bat aldarrikatzen dute, ustelkeriagatik susmagarri diren diputatu guztiei parlamentuaren inmunitatea kenduta.
Bestalde, Alemaniari kalte-ordaina eskatzen diote, nazien okupazioagatik eragindako finantza kalteak konpontzeko.
Desberdintasunak
Baina adostasuna hor amaitzen da. Izan ere, Syrizak kultur aniztasunaren eta tolerantziaren alde egiten du, eta ANEL tradizio ultrakontserbadorearen eredu da, hezkuntza sistema konfesionala eta immigrazioaren kontrako borroka aldarrikatzen baititu.
Gobernua osatzeko desadostasun horiek nahikoa oztopo ez izateak agerian uzten du Gobernu berriaren jomuga nagusia gai ekonomikoak izango direla; hau da, erreskatea berriro negoziatzea eta zorraren kitapena.
Tsiprassek eta Kammenosek ibilbide kontrajarriak dituzte: Tsipras Greziako alderdi komunistan (KKE) sartu zen politikan, eta Kammenos Demokrazia Berriaren diputatu izan zen 1993tik.
2007an, berriz, Itsas Merkantziako ministro orde izendatu zuten azken hori, eta alderdi kontserbadoreko kide izan zen, diputatu gisa bereziki, alderditik bota zuten arte.
Zerbitzu sekretuekin harreman estua omen du Defentsa eta Atzerri Gaietarako batzordeko kide izan zenetik.
Tsiprasek, beraz, ezingo du ziurrenik immigrazio politika berririk onartu, ezta ezkontza homosexualak baimentzeko legerik ere.