Mundua -

Hauteskundeak Grezian

Tsiprasen gobernuak Greziar Independenteen babesarekin aginduko du

Syrizako buruak dagoeneko egin du lehen ministro karguaren zina, eta astearte honetan emango du Gobernua osatuko duten ministroen berri.

Alexis Tsiprasek Greziako lehen ministro karguaren zina egin du

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Syrizako liderraren Gobernu berria babestu egingo dutela iragarri du gaur Panos Kammenos Greziar Independenteak alderdiko buruzagiak.

Tsipras eta Kammenos goizean batzartu dira, eta, bileratik irtendakoan, Kammenosek honako hau esan die kazetariei: "Hemendik aurrera, Greziak badu Gobernua". "Greziar Independenteak alderdiak konfiantza-botoa emango dio Greziako Gobernuari?, esan du. Subiranotasun nazionala elkarrekin berreskuratzea da xedea", azaldu du Kammenosek.

Greziar Independenteak seigarren alderdia izango dira Parlamentu berrian, botoen % 4,75 eskuratuta. Guztira, 13 eserleku lortu ditu.

Syrizako liderrak gaur hasi dira Gobernu berria osatzeko bilerak egiten. Aurrenekoa Kammenosekin egin dute, baina egunean zehar beste zenbait alderdirekin eseriko dira.

Guztira 149 eserleku lortu ditu Tsiprasen koalizioak atzoko hauteskundeetan, gehiengo absolutua izateko baino bi gutxiago.

Tsiprasek gaur bertan hartu du lehen ministro kargua, 15:00etan, eta Greziaren historiako lehen ministro gazteena izango da.

Bihar arratsaldean iragarriko du Gobernua nola osatuko duen. Hala ere, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro berria izango dela iragarri dute dagoeneko alderdi horretako hiru kidek.

Zorrari kitapena egitea errefusatu du Eurotaldeak

Eurotaldeko herrialdeek Tsipras zoriondu dute hauteskundeetan lortutako garaipenagatik, ?arrakasta? opa diote lehen ministroko lanean, eta laguntza eta ?elkarrizketa konstruktiboa? eskaini dizkiote Grezia eurogunean jarraitzeko, baina horretarako arauak bete beharko dituela ohartarazi diote.

Atenasek zorra ordaindu behar duela esan du Pierre Moscovici EBren Gai Ekonomikoetarako komisarioak, gainerako Estatu kideek krisi garaian laguntzeko egindako ?esfortzu? bat delako.

Abuztura arte Greziak 10.000 milioi euro gehiago beharko dituela ziurtatu du Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak, baina baldintzak betetzen baditu bakarrik jasoko dituela ohartarazi du.

Emaitzak

Syrizak botoen % 36,32 eskuratu zituen atzoko hauteskundeetan. Hortaz, 149 eserleku eskuratuko ditu eta, beraz, gehiengo absolutua lortzetik bi eserlekura dago.

Orain arte agintean egon den Demokrazia Berria alderdia da bigarren indarra, botoen % 27,9 (76 eserleku) lortuta.

Hirugarren postuan, Urrezko Egunsentia (botoen % 6,3 eta 17 eserleku) geratu da, To Potami alderdi zentristaren aurretik (% 6 eta 17 eserleku).

Ondoren KKE Greziako Alderdi Komunista (% 5,47 eta 15 eserleku), orain arte Gobernuko kide izan den PASOK alderdia (% 4,72 eta 13 eserleku) eta Greziar Independenteak alderdia (% 4,68 eta 13 eserleku).

Bestalde, Parlamentutik kanpo gelditu dira Sozialista Demokratikoen Mugimendua, George Papandreou lehen ministro ohiaren alderdi berria (% 2,45).

Barne Ministerioaren datu ofizialen arabera, parte-hartzea % 62,55ekoa izan da, eta botoen % 2,32 zuriak eta baliogabeak izan dira.

Tsiprasek "austeritatea" amaitzea eskatu du

Alexis Tsipras Syriza ezkerreko koalizioko buruak "austeritatearen gurpil zoroa" amaitzea eskatu du bere alderdiak Greziako hauteskundeak irabazi ostean.

"Agintaldi honen amaierarekin, austeriatearen gurpil-zoroa bukatuko da, eta austeritatea eta hondamendia baliogabetzea gauzatuko da", adierazi du Tsiprasek Atenasko Unibersitateko plazan milaka jarraitzaileren aurrean egin duen hitzaldian. Horren harian, "troika iraganeko kontua da", esan du.

Tsipras nazioarteko mailegu-emaileekin bi aldeentzako onargarria den irtenbide bat negoziatzeko prest agertu da, eta "ez da hausturarik izango, baina menperatzeak ez du jarraipenik izango", gaineratu du.

Andonis Samaras lehen ministroak Alexis Tsipras zoriondu du

Andonis Samaras Greziako egungo lehen ministroak Alexis Tsipras Syrizako burua zoriondu du hauteskundeetan lorturiko garaipenarengatik, Kathimerini egunkari greziarrak Syrizako iturriak aipatuz kaleratu duenez.

Alderdikideen aurrean egindako ekitaldian, herriaren borondatea errespetatzen duela iragarri du Samarasek, eta eskerrak eman dizkie hautesleei. "Herriak hitz egin du eta bere erabakia errespetatzen dugu. Emaitza ez da ona guretzat", adierazi du.

"Gaur krisitik atera den Europar Batasuneko eta euroguneko herrialde bat utzi dut. Hurrengo Gobernuak arrakasta horiei eustea espero dut", gaineratu du.

Alderdi neonazia, Greziako hirugarren indarra

Urrezko Egunsentia alderdi neonazia Greziako hirugarren indarra da orain, nahiz eta alderdiko goi-kargudun gehienak kartzelan dauden, ekintza kriminalak egitea egotzita.

Kartzelan grabatu eta alderdiaren webgunearen bitartez zabaldutako bideo batean, Nikos Mijaloliakos Urrezko Egunsentia alderdiko buruak lorturiko emaitzak goratu ditu. Horren esanetan, emaitzak "kontuan hartzekoak dira, betiere, kontuan hartuta ez dugula berdintasunezko tratamendua jaso, ezta demokratikoa ere". Mijaloliakosek eztabaida politikotik kanpo uztea eta "kalumnia borroka" batera makurtzea egotzi die politikari eta hedabideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea