Mundua -

Hauteskundeak Grezian

Samarasek garaipenaz ziur itxi du kanpaina, inkestei jaramon egin gabe

Grezian hauteskunde orokorrak egiteko bi egun falta direnean, Syrizak Demokrazia Berria kontserbadoreekiko aldea handitu du inkestetan, eta % 5-10 artekoa ematen diote.

Andonis Samaras Greziako lehen ministroa. Argazkia: Efe
Andonis Samaras Greziako lehen ministroa.
Samaras lehen ministroak mitin batekin esan dio agur kanpainari

0:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andonis Samaras Greziako lehen ministroak inkestei aurre egin nahi izan die eta kontserbadoreen garaipenaz ziur agertu da kanpaina itxierako ekitaldian, Syriza aurkari nagusiari egurra eman dion mitinean.

Greziako banderak astintzen zituzten milaka jarraitzaileren aurrean egindako ekitaldian, Samarasek esan du hauteskundeak irabazi eta berehala, erreskatearen azken xehetasunak negoziatuko dituela, azken urteetan "egin behar" izan dituzten "injustizia" ekonomikoei aurre egiteko.

Samarasen esanetan, otsaila amaitu aurretik amaituko ditu negoziazioak troikarekin, erreskatearen luzapena amaitzen denerako, Greziak adostutako kreditu gehigarria jaso ahal izateko.

Gainera, Greziak Juncker planeko funtsak jasoko dituela eta Europako Banku Zentralak iragarri berri duen zor publikoaren erosketak mesede egingo diela hitzeman du.

Bestalde, Samarasek gogor jo du Syrizaren promesen kontra, herritarrak engainatzen ari dela eta Grezia "porrot ekonomikora" daramala irtzita.

Syrizak "ezetz esaten die diruari, inbertsioei eta inbertsioei esker lana aurkitzeko esperantza duten gazte guzti hauei", adierazi du.

Aurreko kanpaina ekitaldietan bezalaxe, Syrizak irabaziz gero, Grezia bigarren Venezuela edo Ipar Korea bihurtuko dela ohartarazi du, eta ez dela muga segururik egongo eta legez kanpoko immigrazioari ateak irekiko dizkiola.

Tsiprasek dio uztailera arte duela troikarekin negoziatzeko

Bestalde, Alexis Tsipras Syrizaren hautagaiak ukatu egin du erreskate plana negoziatzeko epea otsailean amaitzen dela, eta uztaila arte Europako Batzordearekin, Europako Banku Zentralarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin negoziatzeko aukera duela esan du.

Tsiprasek azpimarratu du EBZk iragarri duen zorraren erosketak ezartzen duela 'de facto' negoziaziorako egutegi berria, eta orain uztaila dela epemuga, orduan parte hartu ahal izango baitu Greziak.

10 puntuko aldea Syrizari

Grezian hauteskunde orokorrak egiteko bi egun falta direla, Syrizak Demokrazia Berria kontserbadoreekiko aldea handitu du inkestetan, eta % 5-10 artekoa ematen diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea