Mundua -
Aldebiko bilera
Kubak eta AEBek harremanak berreskuratzeko negoziazio lasaia hasi dute
Interesen Sekzioa enbaxada bihurtzeko lan egingo du AEBetako ordezkaritzak. Bestalde, blokeo ekonomikoa bukatzeko eskatuko dio Habanak Washingtoni.
Erredakzioa
Harreman diplomatikoei ofizialki hasiera emateko ?pauso praktikoak? giro ?lasaian? negoziatzen ari dira Kuba eta Ameriketako Estatu Batuak. Bileran ?errespetua? nagusi dela azaldu du Gustavo Machin Kubako Gobernuaren AEBetarako zuzendariordeak. Bilera ?produktiboa? izaten ari dela erantsi du.
?Pausoak definitzeko? proposamenak trukatzen ari dira ordezkaritzak, Machinek esan duenez. Negoziazioen edukiari buruzko xehetasunik ez du eman, baina egitaraua betetzen ari direla adierazi du Machinek. Elkarrizketa ?erraza? izaten ari dela goraipatu du.
Bi herrialdeen arteko elkarrizketen bigarren eguna da Habanan. Duela 50 urte hautsitako harreman diplomatikoak nola berreskuratu eztabaidatzen ari dira ordezkaritzak.
Roberta Jacobson Estatu idazkariordearen ondokoa (AEB) eta Josefina Vidal Kubako Atzerri Ministerioaren Latinoamerikarako zuzendaria negoziazioak zuzentzen ari dira ateak itxita.
Josefina Vidal Kubako Atzerri Ministerioaren Latinoamerikarako zuzendaria. Argazkia: EFE
Kubak diplomazialariei ezarritako murrizketak bertan behera uztea nahi dute AEBek. Era berean, Habanako Interesen Sekzioa enbaxada bihurtu nahi du Washingtonek. Giza eskubideek Kuban bizi duten egoeragatik Habanako Exekutiboari presioa egingo dio Washingtonek.
AEBen enbaxada Kuban
Ameriketako Estatu Batuen enbaxada bat Kuban zabaldu ahal izatea espero duela esan zuen asteazkenean John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. Horretarako, Bruno Rodriguez Kubako kantzilerrarekin biltzeko prest agertu zen.
?Une egokia denean, Kubara bidaia egingo dut enbaxada bat zabaltzeko eta aurrerapausoak ematen hasteko?, adierazi zuen Kerryk Washingtonen.
Blokeoaren amaiera
Kubak, aldiz, blokeo ekonomikoa bukatzeko eskatuko dio berriro Washingtoni. Gainera, terrorismoari laguntzen dioten estatuen zerrendatik kentzeko eskatuko dio Habanak Obamaren Gobernuari.
Negoziazio errazak izango direnik ez du ematen; izan ere, asteazkeneko lehen bilera-sortan bi aldeak ez ziren migrazio politiken inguruan akordio bat lortzeko gai izan.