Mundua -
Ekialde Ertaina
Bi japoniar hiltzearekin mehatxu egin du Estatu Islamikoak
Nazioarteko koalizio militarrari emandako babesa kritikatu du eta 72 orduko epea eman dio 200 milioi dolar ordaintzeko.
Erredakzioa
Estatu Islamikoa muturreko taldeak bideoa eskegi du astearte honetan bi japoniar hiltzearekin mehatxu eginez. Krimena ez burutzeko, 72 orduko epean 200 milioi dolar (172,8 milioi euro) ordaintzeko eskatu dio Japoniari.
Grabazioan taldeko ustezko ekintzaile bat ageri da, ingelesez hitz egiten. Estatu Islamikoak Iraken eta Sirian dituen gordelekuak bonbardatzen ari den nazioarteko koalizio militarrari laguntzea egotzi dio Japoniari, eta erreskatea eskatu dio.
Urtarrilaren 17an Egiptora egindako bidaia batean Estatu Islamikoaren aurka ari diren herrialdeei 200 milioi dolarreko laguntza eskaini zien Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak. Hain justu, dirutza hori eskatu dio orain taldeak.
Haruna Yukawa eta Kenji Goto Jogo japoniarrak dira bi bahituak. Irudietan, biak ala biak belauniko ageri dira, Estatu Islamikoaren bahituek eraman ohi dituzte arropa laranjak jantzita. Yukawa Alepon bahitu zutela uste dute inteligentzia zerbitzuek, Estatu Islamikoaren aurkari den talde matxino bateko kideekin zegoela. Jogo bere kasa aritzen den kazetaria da; Sirian atxiki omen zuten.
Yoshihide Suga Japoniako Gobernuaren bozeramaileak iragarri duenez, krisia konpontzeko lanetan ari da Aberen gobernua, eta beste herrialde batzuekin lanean ari da informazioa biltzeko asmoz. Dena dela, horren esanetan, "Japoniak ez du mehatxuen aurrean amore emango".