Mundua -
Greziako hauteskundeak
Syriza, gehiengo osotik gertu
Inkestek alderdi ezkertiarrari ematen diote garaipena. Hauteskundeak egiteko zazpi egun falta diren honetan, gehiengo osoaren atarian dago.
Erredakzioa
Astebete falta da Greziako hauteskunde orokorretarako, eta, inkesten arabera, Syriza alderdi ezkertiarra da faborito argia. Aise irabaziko duela dirudi, baina gehiengo osoa lortuko ote duen da zalantza nagusia. Azken galdeketen emaitzak ikusitak, helburu horretatik gertu dago.
Public Issue institutuak atzo argitaratutako inkestaren arabera, Alexis Tsiprasen alderdiak botoen % 35,5 lortuko ditu hauteskundeetan, Demokrazia Berria kontserbadoreari bost puntuko aldea aterata.
Horrela, Syrizak 144 eserleku izango ditu (Parlamentuak 300 ditu), eta Demokrazia Berriak, aldiz, 81. Gehiengo osoa lortzeko, ezkertiarrek botoen % 38 eta 151 diputatu behar dituzte.
Hauteskundeetako beste zalantza nagusia hau da: hirugarren indar politikoa zein izango den. To Potami (Ibaia) zentrista, KKE komunista, Urrezko Egunsentia neonazia eta Pasok sozialista dira hautagaiak.
Bestalde, herritarren % 21ek boto zuria emango dutela edo abstenitu egingo direla zabaldu dute inkestek.
Hori horrela, Tsiprasek gehiengo osoa lortzeko deia egin die boto-emaileei, troikarekin egin beharreko negoziazioetan "eskuak lotuta ez izateko". Buruzagi ezkertiarrak beharrezkotzat jo du gehiengoa izatea, zorra eta erreskatea berregituratu ahal izateko.
Greziak eurogunean jarraitzearen aldekoa dela berretsi du buruzagi ezkertiarrak agerraldi guztietan. "Syriza herrialdea arpilatu duten oligarkentzat baino ez da arriskutsua; klase ertainentzat eta langileentzat, ordea, Samaras [Demokrazia Berriko buru eta egungo lehen ministroa] eta erreskatea dira arriskuak", adierazi zuen Tsiprasek larunbatean egindako ekitaldi batean.
Horren aurrean, hauteskundeak irabaziz gero, alderdi europazale guztiak Gobernuan sartzera gonbidatuko ditu Samarasek, bere esanetan.
Syrizak gehiengo osoa lortu ezean, hirugarren indarrak izango du Gobernuaren giltza.