Mundua -

Talde islamista

Gutxienez 50 ume bahitu ditu Boko Haramek Kamerunen

Bestalde, auto batek eztanda egin du Nigerian, Potiskum hiriko autobus-geltokian. Gutxienez, lau lagun hil eta 35 zauritu dituzte bertan.

Gutxienez 50 haur bahitu dituzte Kamerungo iparraldean. Argazkia: EFE
Gutxienez 50 haur bahitu dituzte Kamerungo iparraldean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boko Haram talde islamistak 80 pertsona bahitu eta gutxienez hiru lagun hil ditu Kamerungo bi herritan. Bahituen artean, 10 eta 15 urte bitarteko 50 bat haur daude, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Erasoa Mabass eta Makxy herrixketan jazo da, Kamerun iparraldean, Nigeriako mugatik hurbil, Camerun.info kazetak zabaldu duenez.

Kamerun iparraldean lurraldeak bereganatzen joatea omen zen islamisten asmoa, baina atzera egin behar izan dute Kamerungo Armadak aurre egin zielako. Armadaren erantzuna ikusita, islamistek herrietan sartzea eta herritarrak hiltzea erabaki zuten, betiko jokabideari jarraituta.

Issa Tchiroma Gobernuko bozeramaileak erasoa baieztatu du, eta 80 bat etxebizitza suntsitu dituztela zehaztu du.

Beste atentatu bat

Bestalde, gutxienez lau pertsona hil eta 35 zauritu dituzte Nigerian, autobus-geltoki batean ibilgailu bat eztandarazita. Terrorista batek zeraman autoak jendez gainezka zegoen autobus-geltokiaren aurka egin du, Postium hiriko Poliziaren arabera.

Oraingoz, inork ez du erasoa bere gain hartu, baina litekeena da Boko Haram talde islamista izatea horren atzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea