Mundua -

Hauteskundeak Grezian

Greziako hauteskundeak irabazteko estrategia aldatu du Samarasek

Hauteskundeetarako 10 egun falta diren honetan, Syrizaren balizko garaipen bat saihesteko eginahalak egingo dituzte kontserbadoreek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamar egun baino ez dira falta Grezian hauteskundeak egiteko. Historikoak izan litezke, inkesta guztien arabera, Syriza ezker muturreko alderdiak irabaziko dituelako. Andoni Samaras Greziako lehen ministroak eta haren alderdiak, Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak, estrategia aldatu dute balizko emaitza horiek iraultzeko azken saiakera gisa.

Kontserbadoreek orain arte hauteskunde-kanpainan izan duten orain arteko jarrerak ez du esperotako emaitza izan: Demokrazia Berria alderdiak ez du babes gehiago lortu. Akatsa, alderdiaren buruzagien arabera, Syrizaren garaipenaren herrialdean egongo litzatekeen egoera apokaliptikoa iragartzea izan da, bestelako gaiak bazterrean utzita.

Bi helburu izan ditu orain arte Samarasek: klase ertainari ezker muturreko alderdiaren garaipenak kaos ekonomikoa ekarriko duela ohartaraztea eta boto-emaile kontserbadoreenen babesa errekuperatzea (aurreko hauteskundeetan Urrezko Egunsentia alderdi neonaziari eman zioten botoa).

Estrategia horrek, baina, kale egin du. Hori horrela, 10 egun hauetan goitik eta behera aldatuko du Samarasek bere mezua: telebista-kateei elkarrizketak eskainiko dizkie, herritarrei interesatzen zaizkien gaien inguruan hitz egiteko.

Inkesten arabera, hauteskundeen data iragarri zenetik, apur bat behera egin du Syrizak edukiko lukeen babesa, baina hori gorabehera, % 3 eta % 4,5 arteko aldea ateratzen dio Samarasen Demokrazia Berria alderdiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea