Mundua -
Polizia operazioa
Bi hildako Belgikan, terrorismoaren aurkako operazio handi batean
Belgikako Fiskaltzak esan du Bruselan, Verviersen eta Vilvoorden egindako operazio zabalarekin "berehala egitekoak ziren atentatu terrorista handiak galarazi" dituztela.
Erredakzioa
Bi pertsona hil eta beste bat larri zauritu dira Belgikan egindako terrorismoaren kontrako polizia-operazio batean, bertako iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Belgikako Fiskaltzak esan du Bruselan, Verviersen eta Vilvoorden egindako operazio zabalarekin "berehala egitekoak ziren atentatu terrorista handiak galarazi" dituztela.
Atxilotuek "minutu luzez" egin omen dute tiro arma automatikoekin segurtasun indarren kontra, baina ez dute inor zaurtzea lortu.
Fiskaltzak baieztatu egin du guztira dozena bat inguru operazio egin dituela Siriatik itzuli berriak ziren susmagarri batzuen inguruko ikerketaren harira.
Gainera, Fiskaltzak zehaztu du ikerketa Pariseko atentatuen aurretik hasi zela, eta operazioak ez duela zerikusirik eraso horiekin.
Bestalde, Belgikak 2tik 3ra igo du, 4ko eskala batean, alerta maila.
Atxilotu bat Molenbeek-Saint-Jeanen
Bestalde, Poliziak gizonezko bat atxilotu du Molenbeek-Saint-Jeanen, "Ala handia da" oihu egiten ari zelako tren geltoki batean.
Poliziak dei bat jaso du armak zeramatzan gizonezko bat metroan zegoela eta islamaren aldeko oihuak egiten ari zela ohartaraziz.
Hori horrela, Polizia bertaratu da eta atxilotu egin du, eta orain lekukoen testigantzak eta kamerek jasotako irudiak aztertzen ari dira.
Lehergaiak Anderlechten
Bestalde, Belgikako Poliziak lehergaiak aurkitu ditu Anderlechteko eraikin batean, DHnet atariak jakitera eman duenez. Anderlecht Bruselatik gertu dago.
Segurtasun indarrak Lieutenant Liedel kaleko eraikuntza batean sartu dira eta lehergaiak topatu dituzte.