Mundua -
Coulibalyren ustezko kidea
Boumedienne Istanbulera Madrildik abiatu zela baieztatu du Turkiak
Gobernu turkiarrak, halaber, berretsi du Istanbulen izan zela, Siriarantz abiatu baino lehen, urtarrilaren 8an.
Erredakzioa
Hayat Boumedienne Amedy Coulibaly terrorista frantziarraren emazte eta ustezko kidea Istanbulen izan zen Siriarantz abiatu baino lehen, Turkiako Gobernuak gaur baieztatutakoaren arabera.
Urtarrilaren 2an Madrilen hartu zuen hegaldia, egun batzuk Istanbulgo hotel batean igaro zituen, eta urtarrilaren 8an Siriarantz abiatu zen, Mehmet Çavusoglu Turkiako Kanpo Arazoetarako ministroak hedabideei esan dienez.
“Coulibalyren emaztea Madrildik etorri zen Turkiara; aireportuko irudiak ditugu. Ondoren, Kadiköyko (Istanbul) hotel batean geratu zen, beste pertsona batekin, eta urtarrilaren 8an Siriara abiatu zen. Hau argi geratu da haren telefonoaren ibilbidea begiratuta”, esan du ministroak.
Hürriyet Turkiako hedabidearen arabera, Boumediennek bi egun igaro zituen Kadiköyko Bade hotelean, Istanbulgo alde asiarrean, eta, ondoren, Akçakale hirira joan zen, Turkia hegoaldean Siria ondoan dagoen hirira. Bertatik igaro zuen muga Sirian sartzeko.
Ustezko jihadistak Mehdi Sabri Belhoucine izeneko gizon batekin egin omen zuen bidaia, eta Istanbulen eman zituzten egunetan birritan bakarrik atera ziren hoteletik, Habertürk egunkariaren esanetan.
Hürriyet egunkariak zabaldu duenez, zerbitzu sekretuek berretsi egin dute Boumedienne Sirian dagoela gaur egun. Antza denez, legez kanpo sartu zen herrialde horretan.