Mundua -
Frantziako Eraso terroristak
Fiskaltzak Coulibalyrekin lotu du korrikalari bati egindako erasoa
Supermerkatuaren erasoan Amedy Coudibalyk erabilitako arma eta asteazkenean korrikalari bat tirokatzeko erabilitako arma bera izan daitekeela uste du Fiskaltzak.
Erredakzioa
Ostiralean izandako supermerkatuaren erasoan Amedy Coulibaly terroristak erabilitako arma eta joan den asteazkenean Fontenay-aux-Rosesko parkean korrika egiten zebilen gizon baten aurkako tiroketan erabilitako arma lotu ditu Parisko Fiskaltzak.
"Balen analisiari esker, lotura ezarri da arma bien artean", azaldu du Fiskaltzak ohar baten bidez, eta horrek terrorismoarekin lotutako ikerketa-bide berria ireki duela iragarri du.
Fiskaltzak azaldu duenez, 32 urteko gizon bat hiltzen saiatu ziren joan den asteazkenean, parke batean korrika zebilela. Inguruan bost bala-zorro aurkitu zituzten. Dirudienez, Tokarev pistola baten balak ziren, Coulibalyren pistola bezala. Coulibaly ostiralean hil zuten Frantziako indar armatuek, bahituta zeukan supermerkatuan indarrez sartu zirenean.
Bost atxilotu aske utzi dituzte
Parisen jazotako eraso terroristekin lotura zutelakoan atxilotuta zeuden bost lagun aske utzi dituzte, Parisko Fiskaltzak jakitera eman duenez. Joan den asteazkenetik 13 lagun atxilotu dituzte Frantzia osoan.
Fiskaltzaren bozeramaileak azaldu duenez, atentatuak argitzeko ikerketa aurrera doa. Aste honetako erasoetan 17 biktima izan dira.
France Info kateak zabaldu duenez, aske utzitakoek 'Charlie Hebdo' aldizkariaren aurkako atentatuarekin lotuta atxilotu zituzten. Eraso hartan 12 lagun hil ziren.
Aske utzi dituztenen artean Chérif Kouachiren emaztea dago, aldizkariko sarraskiko egiletzat jotzen diren anaia bietatik gazteenaren emaztea , alegia. Ostiralean jada Chérif Kouachiren koinatua askatu zuten.