Mundua -
Alerta gorena
Frantziak bere burua babestu du baliabide gehiago bideratuta
Gobernuak militar kopurua zeharo handitu du. Segurtasun indarrak Hayat Boummedienneren bila ari da. Boummedienne Coulibalyren emaztea eta Cherif Kouachu bi anaien artean gazteenaren laguna da.
Erredakzioa
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak iragarri duenez, terrorismoaren kontrako Vigipirate operatiboa indartzea erabaki du Gobernuak, bitarteko gehiago bideratuta, zenbait erakunde eta kultu leku hobeto babesteko.
Asteazkenean Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatua izan zen (12 hildakorekin), ostegunean polizia bat hil zuten, eta atzo supermerkatu batean bahiketa bat izan. Ekintzon ondorioz Eliseoan egindako bosgarren bileran hartu dute alerta gorena ezartzeko erabakia.
?Azken egunotako baliabideei eutsi, eta zenbait erakunde eta gune erlijioso babesteko erabaki dugu alerta maila indartzea?, esan du Cazaneuvek, Eliseo jauregian egindako prentsaurreko labur batean.
Gainera, ministroren esanetan, Françoise Hollande presidenteak eta Manuel Valls lehen ministroak 320 militar gehiago zaintza lanetan jartzea erabaki dute, baina kopuru hori datozen orduetan handitu liteke, beharren arabera.
?Arriskuan gaude. Garrantzitsua da Vigiparte sendotzea?, gaineratu du Cazaneuvek. Era berean, gaur arratsaldean, Parisen igande arratsaldean egitekoa den manifestazio jendetsurako segurtasun operatiboaren nondik norakoak zehaztu ditu, milaka eta milaka herritar egotea espero baita, Europako agintari nagusiekin batera.
Ministroaren arabera, neurriak hartu dituzte protesta horretan ?beharrezko segurtasun neurriak? izan daitezen, eta azpimarratu du "muturreko neurriak" behar direla azken egunotako atentatuen ondoren eta Frantziak eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeek dituzten arriskuen aurrean.
Gorengo alerta mailan, modu berezian zaintzen dira azpiegitura nagusiak eta atentaturen bat jasateko arrisku handiena duten pertsonak eta lekuak.
13 atxilotu, momentuz
Frantziako Poliziak 13 pertsona atxilotu ditu dagoeneko aste honetako hiru atentatuekin lotura izatea leporatuta, Epaitegietatik jakinarazi dutenez.
Jihadisten inguruko pertsonak omen dira, iturrien arabera, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman nahi izan.
Bereziki, Segurtasun Indarrak Hayat Boummedienne 26 urteko neskaren bila ari da. Boummedienne Coulibalyren emaztea eta Cherif Kouachu bi anaien artean gazteenaren laguna da.
Gainera, Poliziaren ustean, Boummedienne eta Coulibaly polizia bat tiroz hil eta beste bat larri zauritu zuten aurreko ostegunean, Montrougen, Parisko hegoaldean.
Atentatuen ondorengo erasoak
Soissons herriko meskitak, Paristik 100 bat kilometrora, zenbait tiro jaso ditu bart eraikinaren horman eta atarian, bertoko hedabideek zabaldu dutenez.
L?Union egunkariaren arabera, erasoan ez zen biktimarik izan eta 23:30ak aldera jazo zen.
Soissonsgo Fiskaltzaren esanetan, ikerketa bat abiarazi dute gertatutakoa argitzeko, eta meskitaren inguruko segurtasun neurriak areagotu behar izan dituzte.
Nolanahi ere, honakoa ez da Frantziako atentatuaz geroztik zentro musulman baten kontra izandako lehenengo erasoa. Ostegun goizaldean, granada bat eztandarazi zuten Le Manseko meskita baten, eta leiho baten kristala apurtu zuten tiroz.
Gainera, Port la Nouvellen, musulmanek erabili ohi dute areto batek ere hainbat tiro jaso zituen eta, ostegun goizean, Villefranche sur Saônen (Lyonetik gertu) meskita baten ondoan dagoen jatetxe baten aurrean etxean egindako lehergailu bat zartarazi zuten.
?Askatasunaren etsaien? kontra
Manuel Valls lehen ministro frantziarrak terrorismoaren kontrako borrokari eustea eta ?askatasunaren etsaiekin errukirik ez izatea? eskatu du, eta haien kontrako sumindura erabatekoa eta etengabekoa izan behar da.
Gobernu frantziarraren buruak, Evry (iparraldean) egindako hitzaldi batean, esan du Parisen aste honetan izandako atentatuen egileek Errepublikaren oinarrizko baloreen kontra egin dute.
?Sinboloei eraso zieten, Frantziako sinboloei: adierazpen askatasuna, iritzia adierazteko askatasuna, karikatura egiteko askatasuna?, esan du Vallsek. Gainera, lehen ministroaren esanetan, beharrezkoa da ?balore errepublikanoen eta laizismoaren inguruko mezu irmoa? zabaltzea.
Sumindura, Vallsen iritzian, erabatekoa izan behar da?, baina ez hiru egunez, baizik eta etengabean?. Horrez gain, gertatutakotik ikasteko eta ?azkartasunez? aztertzeko deia egin du, terrorismoa Frantziako ?erronkarik handiena? dela baieztatu eta gero.
Al Kaidaren mehatxuak
Arabiar Penintsulako Al Kaidaren ordezkari batek asteazkenekoa bezalako atentatu gehiago egingo dituztela ohartarazi du, ?Mahoma iraintzen duten fedegabeen kontra?.
Sarean zabaldutako ahozko mezu batean, Harez al Dari organizazioaren burutzat hartutakoak astekariaren aurka egindako atentatua txalotu du.
?Mahoma profeta maite duten musulmanak ziren, eta frantziarrek egindako irain guztiengatik mendekua egin zuten ohorea berreskuratzeko. Heriotzari beldurrarik ez dioten Alaren soldaduak dira?, erantsi du Al Darik.
Alarma faltsua Parisko Disneyland parkean
Parisen dagoen Disneyland parke ezaguneko gune bat jendez hustu behar izan dute aldi batean, alarma faltsu batengatik, France TVk zabaldu duenez. Egoerak, edonola ere, normaltasunera bueltatu da handik gutxira.