Mundua -

'Der Spiegel'en arabera

Grezia eurotik ateratzea bideragarri ikusten du Alemaniak

Are gehiago, Alemaniako Gobernuak uste du 'saihestezina' litzatekeela, baldin eta Alexis Tsiprasek hauteskundeak irabazten baditu eta Greziak erreformen bidea alboratzen badu.

Angela Markel Alemaniako kantzillerra. Artxiboko irudia: EFE
Angela Markel Alemaniako kantzillerra. Artxiboko irudia: EFE
Angela Markel Alemaniako kantzillerra. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Gobernua Grezia eurotik ateratzea aztertzen ari da, eta "saihestezina" izango da baldin eta Alexis Tsiprasek hauteskundeak irabazten baditu eta herrialdeak erreformen bidea alboratzen badu, Der Spiegel astekari alemaniarrak berri eman duenez.

Astekariak "gobernuko zirkuluak" aipatu ditu eta, horien arabera, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroak orain bideragarri ikusten dute Grezia eurotik ateratzea.

Der Spiegelek dioena baieztatzen bada, Alemaniak Greziari buruzko jarrera aldatu du; izan ere, eurogunean egindako "aurrerapauso"en ondorioz, kutsatze-arriskua txikiagoa dela uste omen du Alemaniak.

Portugalen eta Irlandan egindako egitasmoek arrakasta izan dutela eta orain martxan dagoen Egonkortasun Mekanismo Europarra erreskaterako mekanismo eraginkorra dela gaineratu du.

Dena den, Alemaniako Gobernuak ez du baieztatu eta ezta ukatu ere Der Spiegelek aurreratutako informazioa.

Hauteskundeak Grezian

Greziak hauteskunde orokorrak egingo ditu datozen urtarrilaren 25ean. Antonis Samaras lehen ministroak hauteskundeak deitzera behartuta ikusi du haren burua, Errepublikako presidentea aukeratzeko Parlamentuko indar politikoek adostasunik lortu ez zutelako.

Inkesten arabera, SYRIZA muturreko ezkerreko koalizioa herrialdearen lehen indar politiko bihurtuko da, eta hurbiletik Demokrazia Berria egungo Gobernuaren alderdiak jarraituko dio. Halaber, baliteke Pasok, 60ko hamarkadatik Grezian nagusia izan den alderdia, Parlamentutik kanpo geratzea, hainbat adituen aburuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania Angela Merkel argazkiak